BIHOTZERA, INDARREZ
Olioak laster ekingo zion irakiteari. Bitartean, senarra lasai zegoen, sofan eserita, oharkabe, zurrunga ozenez etxea girotzen. Emakumeak, tiraderatik labana atera eta zorrozkailuari gogor eragin zion, egongelako zurrungen erritmoari jarraituz. Beste egun bat zen, itxuraz aurrekoaren bikia. Olioa, sukalde usaina, eta senarraren zurrunka hotsa. Baina goiz hartan, egutegiko orria kendu zuenean, parean aurkitu zuen esaldiak zerbait mugitu zion, barren barreneko arkitektura kolokan jarriz.
Bihotzera indarrez ezin iritsi, zioen esaldiak. Labanaren ahoa laztandu zuen astiro; hitzak banaka hausnartuz, isilari zauria eginez. Ezustean, odol tantak estali zion hirugarren hitza. Bihotzera indarrez iritsi irakur zitekeen orain egutegi orrian. Emakumeari, bihotzeko taupadak ugaritu egin zitzaizkion bat-batean eta hauen hots zaratatsuak senarraren zurrungak ito zituen. Odolak irakiten zeuzkan eta zangoak dantzan. Eskutrapua hartu eta estalitako hitzaren gainean hatz egin zuen.
Ezkaratzeko atearen danbatekoa entzun eta igogailua martxan jarri zen. Doitu gabeko gurpileen marruskadurak salatzen zuen goranzko bidea solairuz solairu. Lau, bost… seigarrena. Gelditu zakarra eta atearen hots erdoildua. Bost pauso geldo. Txirrina.
Zoruan iltzatuta geratu zen, hain goiz izanda ez zuen eta bisitarik espero. Senarrak lo jarraitzen zuela sumatu eta bor-bor ziharduen olioa bere horretan uztea erabaki zuen. Aterantz abiatu zen pauso irmoz labana artean eskuetan zeramala eta atondora iristean, begia behatxuloan ipini zuen. Begiak zabal-zabalik izan arren, ez zuen iluntasuna besterik ikusten behatxuloaren bestaldean. Beharbada atearen atzean zegoenak behatxuloa estali zuen, nor zen ikus ez zezan. Ezin izan zion jakin-minari eutsi, ordea, eta beheraka eragin zion ateko heldulekuari eskuineko eskuan zuen labanari gogor eutsiz.
Atea belarrian min ematen zuen kirrinka batekin zabaltzen hasi zen, baina urteen poderioz tripa aterata zeukan zoruko egurraren kontra arrastaka, tope egin zuen. Indarka irekitzea lortu eta kanpora begiratu zuenean labanak eskutik ihes egin zion.
Hantxe zegoen, isil-isilik, beldurrez ikataruta. Iluntasun hartan ez zegoen ezer ikusterik; baina, bazekien zer zegoen bere zain: heriotza. Azken segundoak izango zirelakoan, ez zuen denborarik izango ezer azaltzeko inori. Horren beharra bazuen. Errukirik gabeko tarte horretan gogoratu zuen: “Bizitzan hartutako erabaki guztiak nireak izan direlako”.
Guztiak. Baita olio zalapartariak ere iratzarriko ez zuen artaburu harekin ezkontzea ere. Herio lurretik jasotzen ari zen labanari erreparatu zion. Damu bakarra zuen: minutu eskas batzuk lehenago zurrunga horiek isilarazi ez izana. Beranduegi zen. Herio prest zegoen. Bera ere bai. Eta eskaera bakarra egin zion izaki ilunari: “Bihotzera, indarrez”.
Irakurleen iritzia:
(2 iritzi)

