Ir al contenido
Imagen Corporativa de Insomnium

     Artikusek hamabi urte besterik ez zituen zigarroa azkenengoz piztu zuen egun hartan. Egun goibela, hitsa, lainoz josia esnatu zen. Bat batean lurraren dardarak Fukushimako biztanleria txunditu eta aztoratu egin zuen.  Sirena hotsak, garrasiak, suhiltzaileen joan etorriak, non-nai ikus zitezkeen Japoniako kaleetan zehar.  

---

     Amona Mari Carmen telebistari begira zegoen, olatu ikaragarriak jendea nola irenzten zuen ikustearekin haren begiak malkotan ondoratu ziren. Artikusen musika ozena zetorkion logelatik. Mutiko bertan, munstro galaktikoren bat akabatu nahiean zebilen, Japongo geertakaritik guztiz at, ordenagailuko mundu birtualean murgilduta.

---

     Amona Mari Carmen-ek bere arreta osoa eskaini zien berri haiei. Munduaz ahaztua zirudien. Telebistak berari hitz egiten ziola iruditu zitzaion, berari bai eta beste inori ez. Horregatik agian ez zuen nabaritu oinak bustitzen zizkion ur haren etorrera. Agian hankak hartzen zizkion hezueri haren eragina baino ez zen.


      Hasieran tanta bat baino ez zen izan. Gero tanta hark bidea zabaldu zien beste askorik, ur-ariak sortuz. Gutxika gela urez betetzen hasi zen. Amona Mari Carmen konturatu orduko, ura belaunen alturan zuen.


     Eta asaldatu zen. Biziki.


     Zutitu eta oihu bat bota zuen. Erantzunik ez zuen jaso. Artikusen gelatik zetorren musika baino ezin zuen aditu, bere telebistaren soinuen gainetik.


     'Artikus!' egin zuen dei orduan, baina oraingoan ere erantzunik ez.


     Aulki batera igo zen nola-hala, ur hartatik ihes egin nahian. Baina urak etengabean gora egiten zerraien. Bere atzetik zihoala zirudien, bizirik zegoen suge pozoitsua bailitzan.


     'Artikus!!' oihukatu zuen ozenago, nahiz eta erantzunik jasoko ez zuela sumatzen hasia zen.


     Orduan haren gelarantz egin zuen so. Eta ura handik zetorrela iruditu zitzaion. Ur haren iturria, musika ozen haren erritmoan zetorren ur haren iturria, Artikusen gela zen.


     Pare bat aldiz bere izena berriz oihukatu ostean, hara zuzentzea baino ez zuela ulertu zuen. Eta beldurra nabaritu zuen. Hasieran hanka bustiak izatearren zuen dardara bat zela pentsatu zuen, baina gero jakin zuen ezetz, beldurra zela nabaritzen zuen hura.


     Hortaz, ahal izan zuen moduan aulkitik jaitsi zen. Urak jadanik izterretik gora egiten zion. Hotz zen, eta indartsu sartzen zen Artikusen gelatik, berezko bizitza bailu. Urrunean telebistaren soinua entzuten zen oraindik. Kirol albisteak ziren nagusi oraingoan. Ura ez zen haiek eteteko gai.


     Artikusen gelako atea gurutzatu zuen, kostata. Bere adinean hura ez zen lan samurra izan. Baina lortu zuen. Bazekien hala egin ezean ura ez zela inoiz geldituko.


     'Artikus!' hots egin zuen beste behingoz. Baina gela huts bati oihu egiteak ez du zentzu askorik, Artikus ez baitzen bertan. Inor ez baitzen bertan.


     Musikak jarraitzen zuen, baina amona Mari Carmen-ek ezin izan zuen asmatu nondik zetorren. Leku guztietatik eta aldi berean inondik ez zetorrela iruditu zitzaion.


      Ordenagailua piztuta zegoen. Joko hura martxan jarraitzen zuen, tramankulua ur gainean doi-doi. Amona Mari Carmen-ek hartan erreparatu zuen lehendabizi, berak horrenbeste gorroto eta bere bilobak horren gustuko zuen aparatu hartan. Zerbait saltoka zebilen pantailan, perretxiko erraldoi batetik bestera saltoka. Hodeiak harrapatzen zituen horretan zebilela, eta eraztunak, eta beste asko. Txinatarra zirudien, edo Japoniarra (amona Mari Carmen sekula ez da izan oso trebea haiek bereizten). Begiak urratuta zituen, eta azala hori kolorea gogorarazten zuen, beste kolore batekoa izan arren, guztiz ezberdina zen beste kolore batekoa izan arren. 


     Izaki hura zerbait, norbait eraso nahian ere bazebilen. Pertsona baten atzetik zebilen. Kolpeak ematen zizkion pantailako izaki hark, eta ostikadak, baina beste pertsonak ihes egiten zuen, eta korrika, baina Txinatarrak (edo Japoniarrak) ez zuen bakean uzten.


     Amona Mari Carmen-ek aurrera egin zuen, uraren kontra ahal bezala, inondik ez zetorren musika zaratatsu haren artean. 


     Eta ordenagailutik gertuago egon zenean, pantailan aurrez aurre, ihesean zihoana Artikus zela ikusi zuen.


     'Artikus!' oihukatu zuen, azken aldiz, beldurraren beldurraz.


     Eta pantailaren bestaldetik, urrunetik, barrutik, Artikusek burua itzuli zuen. Oihu hura entzun zuen. Eta berea aurpegia ez zen harridurazkoa izan, ezta algarakoa ere, estutasunezkoa baizik. Larritasuna zen haren musuan.


     Une hartan gelan karraska bat entzun zen. Amona Mari Carmen-ek burua altxatu zuen eta leihoan erreparatu zuen lehen aldiz. Kale ilun batera ematen zuen leiho hartan.


     Ura handik zetorren. Leihoa itxia zen, baina zirrikituetatik, ertzetatik urak barrura egiten zuen. Kanpoaldea urez betea ikusten zen. Ur-azpian zegoen etxe hura, eta urak barrura egin nahi zuen.


     Eta amona Mari Carmen gehiago beldurtu zen. Bihotzak ezohiko abiadura baten zihoakion, eta hura ona ezin zuela izan nabari zezakeen.


     Gero beste karraska bat entzun zen, eutsi ezin duten leihoen karraska, eta amona Mari Carmen-ek ulertu zuen hark zer esan nahi zuen. Ez zen erratu


     Baina begiak zabal-zabal mantendu baino ezin izan zuen egin. Begiak zabal-zabal izan, eta beldurtu.


     Leihoa apurtu zenean urak bortizki egin zuen barrura, bere aurrean zuen guztia berarekin eramanez. Baita amona Mari Carmen ere. Bakarrik orduan eten zen inondik ez zetorren musika hura.


     Hau oihu egiten ahalegindu zen, baina urak ahoa bete zion, eta birikiak, eta sudurra, eta belarriak, eta burmuina, eta ezinezkoa gertatu zitzaion ezer egitea. Leihoaren kristal puskak edonon iltzatu zitzaizkion, eta ur-azpian bueltak eta bueltak eta bueltak eta bueltak eman zituen.


     Ura ez zen gazia, ezta geza ere, eta zapore arraroa zuen. Mari Carmen andreak dastatu zuen azken zaporea izan zen. Orma baten kontra jo zuenean, bertan seko geratu zen.


Irakurleen iritzia: (iritzi 1)

Zure iritzia:

123456



cuadro transparente