Ir al contenido
Imagen Corporativa de Insomnium

AITORTU EZINEKO AMODIOA

          Donostiako kale batean gora zihoan emakumea, gizona berriz beherantz. Eta topo egin zuten. Makina bat urte ziren elkar azkenengoz ikusi zutenetik, hogei bat urte lehenago, eskola uztearekin batera, oharkabean bukatu baitziren haurtzaro garaiak.
          Elkarri “kaixo, aspaldiko” eta horrelakoak esan ondoren unetxo batez zer esan ez zekitela gelditu ziren, aurrez aurre. Bietako edozeinek esan zezakeen “Pozten naiz zurekin egoteaz, baina presaka nabil”, gustura zeuden, ordea, elkar ikusi izanaren ezusteaz, eta hantxe jarraitu zuten, bata bestearen aurrean, irribarre sotilari eutsiz.
           Isiltasun hark ezin zuen, ordea, gehiegi iraun. Horretaz oharturik hitz egiten hasi zen emakumea: maisu Pakorekin izandako istiluak, Andereño Franciscaren biboteari buruzkoak eta joandako garaien inguruko hainbat pasadizo gogoraraziz. Bataren kontakizunen eta bestearen barreen artean gustura zeuden elkarrekin.
          Ordu erdi bat bazeramaten kale erdian. Gizona arropa gutxirekin irten baitzen kalera, hotza sentitzen hasi zen. Emakumeak, honen dar-darra ikusirik, “Hartuko al dugu zerbait?” esan zion azkenean. Gizonak baietz esan eta hurbilen zegoen tabernara sartu ziren.
          Eskola garaiak aspaldiko kontuak izan arren, oroitzapenak gogora ekartzeak elkarrenganako intimitate puntu bat sortu arazi zien. Emakumeak, gorputz ederra eta aurpegi polita zuen, txikitan bezala. Gizona berriz kaxkarragoa zen, kalean mordoka aurki daitekeen berrogei urteko krisiarekin borrokan ari den erdi burusoil horietakoa.
          Hasierako lotsak uxatuta, ardo zuri bana eskatu zuten. Eta konturatzerako solas jatorrak bigarren ardorako gonbitea luzatu zien, gustura baitzeuden, batak bestearen hitzak alkoholarekin dastatuz, alkoholak eta elkarrizketak urteek jandako denbora galdua bueltan ekarriko balie bezala.
          Jarduna erraz zihoan arratsaldea aurrera joan ahala. Emakumeak goxo begiratzen zion gizonari, honek zinezko irribarre  batez hitzen magiaz gozatzen zuen bitartean. Emakumeak edalontziaren lepoa laztantzen zuen hatzez. Gizona, haserako atezua arinduta, lasai zebilen. Lotsak alde egin zuen eta bereganako konfiantza bueltatu zitzaiola nabarmena zen.
          Supituan, urteek gogoz gordetako isilpeko sekretuak kanpora egin zuen, emakumeak “Zoratu egiten ninduzun” aitortu zionean. Ahots ezti eta irribarre xaloz esan zituen hitzok, garai batean izandako neskatxak esango balitu bezala. Gizonak irribarre egin zion. Nork ez ditu gogoz dastatzen bihotzera bertara doazen atsegineko hitz haiek? Nork ez du gogoko besteengandik miretsia eta maitatua izatea? Gizonak oso gustura jarraitzen zuen harekin solasean, hitzak nahiko ez balira bezala, eskuekin imintzioka:
          - Benetan? Ez nuen sekula esango. Inoiz ez zitzaidan burutik pasa ere egin zuk gogoko ninduzunik. Ez genuen eta horrenbesteko harremana. Nire ingurunetik at zegoen neska bat zinen. Ederra bezain urruna niretzat.
          - Litekeena da. Baina zoratu egiten ninduzun.
          Emakumearen tonua samurtzen ari zen alkoholak eragindako poza burura igo ahala. Gizonak zirkin berezi bat egin zion sorbaldak jasoz “badakizu, haur arteko kontuak” esango balio bezala. Emakumeak, atzeko horman pausatu zuen burua, pixka-bat okertuz, eta begiekin ezkerretara begiratuz, gizonarentzat xarmangarriago agertu nahian. Gizonari oso erakargarria begitandu zitzaion barra haren ertzean. Are gehiago “oraindik zoratu egiten nauzu” aitortu zionean hark. Gizonak, erreflexu oldarkor baten ondorioz, eskuineko eskuko eraztunari igurtzi bat eman zion. Emakumeak, hura ikusita “eta beti zoratu egingo nauzu” bota zion, lotsarik gabe, aurpegira.
          Gizonak, artean berrogei urte beteta izanda ere mutil, behera begiratu zuen. Zer esan ez zekiela. Ez zegoen lotsatuta, harrituta baizik. Ez zuen horrelakorik espero, ez emakume harengandik. Inolaz ere ez. Baina entzundakoak ez zuen gaizki senti arazi.
          Lehenengo esaldiak, iragandako posibilitate galdua azpimarratzen zion, baina zezena barrera atzetik ikusten ari denaren lasaitasunaren babesaz. Bigarrengoa handiagoa izan zen; zorrotzagoa. Horrelako aitormena jasotzen duenak ongi baitaki ze intentziorekin datorren.
          Baina hirugarrena, huraxe izan zen okerrena. Burutik behera botatako ur hotza bezala jaso zuen lapidarioa: “Koldar bat zarenez eta ez duzunez nirekin ezertxo ere egingo, horrela jarraituko dugu eta beti izango zara nire ametsen jabe, naiz eta gauzatu gabeko larru-jotze azkar baten ilusio faltsu bezala gelditu”. Jakina emakumeak ez ziola horrelakorik bota baina hura izan zen gizonak buruan entzun zuen oihartzuna.
          Emakumea “komunera noa” esan eta jaiki egin zen soinean zeraman eraztuna mahai gainean utziz. Erronka nabaria zen. “Hil edo bizikoa” pentsatu zuen gizonak bere baitarako, eta pentsakor gelditu zen, eraztunari begira, berea igurzten zuen bitartean.
          Eta erabakia hartu zuen.
          Emakumea komunetik bueltatu zenean barra hutsik aurkitu zuen. Gerturatzen ari zela, itxaropenik galdu gabe, bi eraztun eta nota bat espero zituen. Baina bertan ez zegoen inongo notarik. Eta eraztun bakarra gelditu zen: berea.

                                                                              * * *
 
          Donostia. 2011ko Otsailaren 4a
          Edgar maitea:
          Eraztuna mahai gainean utzi eta koldar gisan ospa egin zenuen, ni bakarrik utziz, nire betiko ametserantz hurbiltzeko aukerarik eman gabe. Garratza izan zen unea, ordurako zure bihotza neureganatu nuela uste bainuen. Tabernariak ere “emakume koitadua, zer uste zenuen ba?” zioen begirada lotsagabez. Kaiku halakoa. Zer daki hark nire maitasunaz? Bertan irekiko nioke kopeta, zure jokaerak hain lur jota utzi ez banindu.
          Eta zuri jarraitzea erabaki nuen. Bai. Agerian eta lotsarik aitortuko dizut: zure peskisan ibili nintzen egun guztian zehar. Eraztun haren jabea nor zen jakin beharra neukan. Gajoa ni! Orain dakidana jakin izan banu…
          Jende artean desagertu zinen ,ordea. Jende arteko marea bortitzean, estolda zuloetatik borborka aireratzen zen lurrunarekin batera. Han-hemenka, norarik gabe doazen arima galduekin bat eginda. Lore denda batean sartu zinen eta arrosa sorta eder batekin irten zinen, irribarretsu. Alde batera eta bestera begiratu arren ez ninduzun ikusi.
          Gorroto zintudan benetan arrosa horiek ez zirelako niretzat. Maite eta gorroto batera. Nola egon daitezke horren hurbil maitasuna eta gorrotoa? Bere sentimendua barreiatu eta erbesteratua izan duen batek bakarrik uler dezake. Eta ziur zuk ez dakizula, beti izan baitzara besteen amodioen helburu, ez iturri. Eta, inoiz ezagutuko ez ditudan arren, zu maite izan zaituzten guztiak ere gorrotatu nituen. Baita zugandik arrosak jasotako denak ere. Erraietatik. Amodio-gorroto hark bultzatu ninduen zuri jarraitzera.
          Eta pixkanaka hiri zaratatsutik ihes egin zenuen. Zure maitearentzat izango zen sorta eskuan zeneramala.
          Kanposanturako bidera eraman ninduten zu eta zure arrosek. Eta itxaropen printza batek argitu zidan bihotza. Oso izan zen neurekoia burura etorritakoa: emaztea hilda ote zenuen galdetu nion nire buruari. Agian doluaren ondoren nire beso artean kontsolamendua bilatzeko garai nenbilen.
          Kanposantura iritsi zinenean lur sail txiki baten aurrean gelditu zinen. Isilik, otoitz sakonetan galduta bezala. Zure emazteak ez zeukan familia panteoi handirik, ez eta harri garestizko lapidarik ere. Xumea zen haren hilarria. Xumea eta ederra aldi batean. Horretarako gustua daukazula ezin dut ukatu. Inguruko zuhaitz baten ondora hurbildu zinenean “pixa egin nahiko du edo” pentsatu nuen, baina ez: zuhaitz atzean ezkutatuta zeneukan pala batekin bueltatu zinen. Laino beltzek pozoitu egin zuten zerua eta euria hasi zuen. Palarekin lapida aurrea zulatzen hasi zinenean hasi zuen iluntzen. Hozten hasi nintzen baina handiegia zen jakin-mina. “Arrosa sorta hilkutxan utzi nahiko du” pentsatu nuen. Baina horretan ere ez nenbilen zuzen, hilkutxa ireki eta emakumearen gorpua kanpora atera baitzenuen. Gogoz eta maitasunez besarkatu zenuen haren haragi hotza, negar batean, oihuka, beste maitale ezkutua zelatan zeneukala jakin gabe. Hildako esku artean arrosa sorta jarri ondoren, zure behatzetik eraztuna atera eta emaztearen behatz usteltsu batean sartu zenuen, astiro, maitasunez. Nazka eragingo lioke hark jende askori. Baina nor ausartuko litzateke zure jarrera maitekorra epaitzera? Ni ez behintzat. Agur maitea esan eta gorpua zuloan sartu zenuen, atzera.
          Hau guztia ikusita malko garratzak isuri nituen, zu gorrotatzeari utzi, eta neuregana bideratu nuen mesprezu osoa. Gertatutakoa intimoegia eta sakonegia zela iruditzen zitzaidan ni bezalako gizaki errukarri eta berekoi batek ikusteko. Ez nuen merezi horrelako eszena baten aurrean egoterik. Eta, inoiz inor horrenbeste errespetatu ez dudan bezala, zure doluan utziz, handik joan egin nintzen.
          Orain badakit zergatik utzi ninduzun barra hartan, bakarrik, nire pentsamenduetan galduta. Eta orain badakit zergatik ez duen ni bezalako pertsona batek zugandik maitatua izatea merezi.
          Maite zaitut.
          Annabel


 

Irakurleen iritzia: (2 iritzi)

Zure iritzia:

123456



cuadro transparente