Ir al contenido
Imagen Corporativa de Insomnium
Ameskaiztoa

     Usain aseptikoa giroan. Ahoa lehor. Gorputza indarge, geldo, pisutsu, mugitu ahal izateko aparteko energia beharko banu bezala. Ezin ditut begiak ireki, edo itsu nago. Saiatu naiz berriro irekitzen baina ezin dut. Ez dakit non nagoen. Nagoenik ere ez dakit. Entzun edo sumatu dezakedan soinu bakarra mailu baten kolpeen maiztasunaz burua txikitzen didan “pi” sakona besterik ez. Urduri jartzen hasi naiz. Ezin dut ulertu. Eta badirudi nire ezinegonak “pi” erritmiko antinatural hori azkartu duela. Abiada bizian jarri du nire bihotza dantzan, gorputzetik ateratzeko prest dagoela. Eta gorputzetik irten behar denean, berriro naiz lo. Ala hilik. Ez dakit.

    Amets egitera ausartu naiz, labirinto ezin jasan honetatik irteteko klabea dela uste baitut. Edo hala nahi dut. Horrela behar du izan. Baina aurkitu dudana ez da irteera, amesgaiztoa baizik. Dena zuri ikusten dut, eta erdian, biraka dabilen puntu beltz bat baino ez dago. Txikia. Oso txikia. Bueltaka. Mugimendu konstanteek handitzen dute hasieran puntutxoa zena. Geroz eta handiagoa da. Eta konturatu naizenerako dena da beltz, eta erdian, puntu zuri txiki bat jaio da. Bueltaka. Biraka. Ziztu bizian hasi da hazten, erretzaile amorratuaren kantzerra lez. Eta beltza zena zuritu du puntu madrikatu horrek. Eta erdian, biraka dagoen puntu beltz bat agertu da. Berriro. Bueltaka. Eta beste behin errepikatu da prozesua. Eta beste behin. Mila bider.

     Ezin dut gehiago.

     Infernua gorri imajinatzen nuen, ez zuri-beltza. Baina bakearen kolorea inoiz baino bortitzago agertu zait, eta iluntasuna argitzeko sortu zena, itsaslabar infinitu batetik botako nauenaren antza hartzen ari da. Baina heriotzara bidaliko nauen bultzada jaso behar dudanean dena iluntzen da. Dena belzten da. Ilun.

     Ezin dut gehiago.

     Noiz bukatuko da amesgaiztoa? Zer ari da gertatzen? Non nago?

 

Irakurleen iritzia: (2 iritzi)

Zure iritzia:

123456



cuadro transparente