Ir al contenido
Imagen Corporativa de Insomnium

AMODIOAREN ORDAINETAN


   Egunero, ordu eta toki berean, han zegoen andrea, ezerezetik begiak ezin kenduz bezala, autobusaren zain.


   Bi aste ziren autobuseko gidariari txanda aldatu ziotela. Lehen, arratsaldez egiten zuen lan, ospitaleko joan-etorri amaigabeetan. Jesarleku guztiak betetzen ziren ibilbide haietan; gaixoak zaintzera hurbiltzen zirenak erditu berrien familiakoekin nahasten ziren; lehenak goibel, pozik besteak, esku artean zeramatzaten lore-sortak baino alaiago. Azken bi asteetan, berriz, goizeko txanda eman zioten nagusiek, eta ospitalerako bidea barik, hilerrikoa hartzen zuen.


   Udazken hartan, beraz, hiria esnatu baino lehen autobusa martxan jarri, eta ibilgailuko argiekin kale lokartuen iluntasuna urratzen zuen, lehenengo geltokira goizeko zazpiak baino pare bat minutu lehenago ailegatzeko. Eta han zen andrea, egunero bezala itxaroten, nora ote zegoen begira inork ez zekiela. Autobusak hasperen bat eginda aurreko ateak zabaltzen zituenean, emakumea barrura sartzen zen, gidariaren kortesiazko agurrari erreparatu ere egin gabe; gero, erdialdeko aulki batean eseri, eta bertan gelditzen zen, bere buruarekin gogoetan, ametsetan bezala. Ezordu horietan bidaiari bakarra zenez, gidariak, jakin-minak zirikatua-edo, atzerako ispilutik begiratzeko aprobetxatzen zuen. Argi fluoreszentearen azpian, emakumeak ilargiaren kolorea hartzen zuen: jantziak beltz, eta aurpegia zuri. Alargun baten irudia; alargunetan alargunena. Argalegia izanik, eta gorputzez txikia, ez zen lanbide erraza haren adina asmatzen, begi-zuloen inguruko zimur txiki batzuek gaztetako egunak urrun samar geratzen zirela erakusten bazuten ere.


   Eta horrela, biak bakar-bakarrik ibilgailuan, abian jartzen ziren etxeen artean lehen, industrialdeko lantegien artean gero, eta, azkenik, kanposantura zihoan errepideko lau kilometroetan gora. Hiritik irtendakoan, ilunak harrapatzen zuen autobuseko kanpoaldea, eta ipurtargi erraldoi horren barrualdeak, elektrizitatearen argitan, film bateko proiekzioaren antza hartzen zuen; baina film bitxia, bi aktoreak geldi eta mutu agertzen baitziren bidaia guztian. Hogei bat minutu geroago, hilerri aurreko aparkalekura heltzen ziren, eta alarguna, beti isilik, autobusa pauso leunez zeharkatu, eta atzeko atetik ateratzen zen. Harengana jotzen zituen begiak orduan txoferrak, eta ikusten zuen nola emakumea, hilerriko burdinazko hesiaren aurrean apurren bat gelditu ondoren, kanposantuko zuhaitz lerroen artean galtzen zen.


   Herrira itzultzerakoan burua dantzan jartzen zuen gizonak. Zer egiten zuen andre hark kanposantuan, argitu baino lehen? Ez al zegoen beste ordurik, senarrari edo dena delakoari ikustaldi bat egiteko? Eta egunero joan behar hori? Horrelako kontuak zerabiltzan buruan, harik eta lanaren beste gorabehera batzuek emakumea eta haren jokabidea gogotik lurruntzen zizkioten arte.


   Egunak joan, egunak etorri, jasangaitza egiten zitzaion gidariari alargunarekin egiten zituen bidaietako isiltasun lazgarria; eta tentsioa arintzeko-edo, musika jartzen zuen. Dena dela, bazen sentimendu bat egonezinari nagusitzen zitzaiona: jakin-mina. Emakumeari begiratzen zion bakoitzean, haren begietan murgiltzen saiatzen zen, bihotza iluntzen zion tristura hura zerk eragin zezakeen asmatu nahirik; baina, alferrik, begi horiek, ederrak izan arren, aspaldi galdua baitzuten garai bateko distira eta bizitasuna.


   Azaroaren erdialdean, ordea, txoferraren ahaleginak emaitza ekarri zuen; eta gauza handi gehienen antzera, kontu txiki batekin hasi zen: goiz batean alarguna bere hausnarketatik istant batez atera zen, eta berehalako hartan, gizonaren betiko agurra entzuterakoan, hari begira gelditu, eta ahots apalez erantzun egin zion. Aurrerapen ñimiño horrek gidariari behar zuen adorea eman zion, eta hasierako agurraren ondoren “adio”arekin ausartu zen, eta horri eguraldiari buruzko aipamenak jarraitu zion, eta geroago, entzuten ari ziren kantaren gaineko iritziak, edo egunkariak iluntzen zituzten berrien zehaztasunak.


   Egunero jesarleku bat aurrerago esertzen zen emakumea, eta, ia konturatu barik, solasaldian parte hartzen hasi zen, betiere hitz laburrez. Horrelakoetan, emeki-emeki egiten zuen hizketan, kostata, isilune handi batetik atera berria izan balitz bezala. Eta berbetan ari zela, gertutik ikusita, hasieran uste zuen baino gazteagoa iruditu zitzaion gizonari, eta baita ederragoa ere.


   Isiltasuna puskaturik, eta egunek aurrera egin ahala, emakumea gidariaren eskuinaldeko aulkian jesartzera heldu zen, eta horrela, atzerako ispilutik ez, baizik eta zuzen-zuzenean jar zitekeen begira gizona, burua mugitze hutsarekin. Baina astearte goiz hura ezberdina izan zen oso. Autobuseko txoferrak egun hartako hotza izan zuen mintzagai aurrena, eta hilerriaren bakardadea ondoren, eta aitzakia horrekin, emakumeari galdetu zion ea zer zela-eta jaikitzen zen horrela goizean, eguzkiari aurre harturik, hildako bati bisita egiteko. Galdera entzuterakoan pentsakor gelditu zen andrea une batez, eta gero, astiro, honela hitz egin zuen:


   –Senarra bisitatzera joaten naiz egun guztietan, hutsik egin barik: halaxe zor diot. Orain dela hiru hilabete luze galdu nuen, eta orduz geroztik ez da egunik bere aldamenean denbora bat pasatu gabe. Saiatu izan arren, haren hutsunea, bihotzean utzi didan zuloa, estali ezinik nabil. Haren atsedena zaintzen dudanean bakarrik hartzen dut halako gozoa eta poza.


   –Asko maite zenuen orduan? –jakin nahi izan zuen gizonak.


   –Ez berak ni beste.


   Eta bere baitan korapilo bat askatu izan balitz bezala, astearte horretan, berez eta besterik gabe, senarrari lotu zitzaion istorioa kontatzen hasi zen:


   “Institutuan ikusi nituen gertutik lehenengo mutilak. Aurrerago, Andra Mari Mesedetakoa ikastetxean ibili nintzen, moja-soineko, konfesatoki eta gogo-jardunen artean. Ulertzekoa da nire poza, gurasoak beste herri batera mugitu eta institutuan matrikulatu nindutenean. Diktadorea hil ondorengo urte zoro haiek egokitu zitzaizkigun: asanbladak, grebak… denetik. Urte batetik bestera, ordura arte ezagututakoak ito egiten gintuen; dena zen berria; dena jartzen genuen zalantzan; askatasuna berpizten ari ginen. Familiaren altzotik urruntzen nintzen neurrian, lagun berriak egin nituen; haiek betetzen zuten gurasoek utzitako tokia, eta haiekin betetzen nituen nik eskolatik kanpoko ordu aspertu gehienak, batzuetan kartetan, gehienetan berriketan, inoiz beteko ez ziren geroko planak asmatzen. Garai hartakoak dira lehenengo porroak, eta lehenengo mozkorraldiak, eta baita lehenengo musuak ere. Horien guztien aurrean, buruak agindutako modu bakarrean erantzuten zuten gurasoek: zigorrekin; baina, zezenen antzera gertatzen zitzaidan niri: kikildu beharrean, oldartu egiten nintzen. Orduan hasi ziren piperrak institutuan, eta gau-pasak asteburuetan. Etxean arnasa ezin hartu nezakeen, eta haize garbiaren premian nengoenez, kanpoan bilatzea erabaki nuen. Horrenbestez, hemezortzi urte bete nituen egun berean, ikasketak utzi eta munduan ibiltzera joan nintzen”.


   Eta gehiago kontatzeko astirik izan gabe, hilerrira ailegatu ziren; eta nola Errauskinek egin zuen hamabiak jotzen ari zirela, halaxe jaitsi zen alarguna ibilgailuko eskaileretan behera, eta burdinazko hesiaren beste aldean desagertu.


   Gidaria harriturik gelditu zen. Nork sinistu behar zuen plazako geltokian egunero autobusa hartzen zuen emakume apal horrek halako iragana gordetzen zuenik. Gizonaren bizitza, berriz, oso bestelakoa zen; bizpahiru minututan laburbiltzeko modukoa, hain zen arrunta. Bere garaiko langileen seme-alaba gehienen gisara, eskola publikoan ikasi zuen berak ere; baina, ezagun da Jainkoak ez gaituela denok dohainez berdin jantzi, eta horregatik, aitaren tailerrean sartu zen hamalau urterekin. Bost urte geroago, oposaketa batzuetara aurkeztu, eta autobus gidariaren lanpostua lortu zuen. Bizimodu erosoa berea: gurasoekin astegunetan, eta lagunekin asteburu eta festetan.


   Hurrengo egunean, asteazkenarekin, inoiz baino goizago heldu zen plazako geltokira. Alarguna, hasierako egunetako isiltasunera itzulita, barrura sartu zen, eta atzamar ezkutu batek haren barneko magnetofonoa martxan jarri izan balu bezala, aurreko egunean amaitu gabe utzitako kontakizunari heldu zion:


   “Etxetik ihesi atera nintzenean, gazte-talde batekin elkartu nintzen: hippy-ak, festarik festara eta kontzertuz kontzertu mugitzen diren kale-txakur horietakoak. Bizimodua ateratzeko, denetik egiten genuen: trebeenek flauta jotzen zuten edo malabarismotan aritzen ziren; ezertarako ez ginenok, aldiz, eskean ibiltzen ginen, eta, beharra zegoenean, lapurretan. Udako gauetan atarian egiten genuen lo, izarren azpian, eta mortadela eta ardo txarra ziren gure elikagai bakarrak. Neguaren lehenengo zartakoekin, hegoaldeko hondartzen babesa hartzen genuen, eta han gure moduko beste talde batzuekin batzen ginen, zikoinek eta beste hegazti bero zaleek egin ohi duten bezala. Horrelako hondartza batean ezagutu nuen Manu, eta han maitemindu nintzen berarekin, baita hezurretaraino maitemindu ere. Hilabete horietan ezin bata bestea gabe egon ginen, ikusezinezko uztarri batez elkarri lotuak. Larruzko eskumuturrekoak txirikordatzen irakatsi zidan, eta zilarrezko lepokoak lantzen, eta afrikarren moduko kopetak orrazten. Gau eta egun elkarren ondoan, batak besteari dena emanez, azkenean, haurdun geratu nintzen. Gizaldi berri baten sortzaileak izan nahi genuen, eta lehendabiziko aldiz bizitza osoan, zoriontsua izan nintzen. Baina goizalde batean, ohi zuen bezala, Manu itsasora sartu zen. Nola gozatzen zuen ur hotzetan eta bakardade osoan igerian egiten… Egun hartan, ordea, ez zen bueltatu niregana, eta bila eta bila ibili izan arren, ez nuen berriro ikusi. Neure burua hil nahi izan nuen, eta neure barruan neraman haurra hiltzea besterik ez nuen lortu. Bakarrik nengoen munduan”.


   Horrela amaitu zen asteazken hartako bidaia, eta horrekin batera, eguneko istorioa. Beltzez jantzitako emakumea Jonasen antzera atera zen autobusetik, balantzaka eta indarrik gabe. Gidaria, emakumearen kontakizuna entzun ondoren, sugeak liluratutako txori txikia bezala geratu zen; Ulisesen marinelen moduan, sirenen kantak adituta. Ahotsean ez ezik, ibileran ere halako sentsualitatea antzematen zion, sentsualitate berezkoa, janzkera beltzaren seriotasunarekin bat egiten ez zuena.


   Alargunaren aldean, bizimodu lasaia eramandakoa zen gizona, estuasun handirik gabea, lo eder eta goxoetan suertatzen diren horietakoa. Astegunetan, autobusa utzi eta gero, etxera joan, txandala jantzi, eta logelan ezkutatzen zen ordenagailuarekin jolasean ibiltzeko. Amak deitzen zionean, gurasoekin elkartzen zen afarian, eta haiekin telebista ikusten zuen, eta futbol partidua izanez gero, partidua. Asteburuetan, bera bezalako mutilzahar koadrilarekin elkartzea gustatzen zitzaion, eta tabernaz taberna joaten ziren denak tropelean, garagardoak edaten udan, eta ardoak neguan; larunbat gauero pub etara ateratzen ziren, eta han, urrutitik beti, neskei begiratzen zieten zeharka; eta inoiz neskaren batek begirada gainean nabaritu eta itzultzen baldin bazien, orduan, eskuan zeukaten edariari so egiten zioten, eta horrela geratzen ziren gizaseme guztiak, begiak altxatzeko kemenik gabe. Horrelako burutazioak zituen ostegun goiz hartan, plazako geltokira iritsi zenean. Han zegoen bera: izarrik argiena iluntasunean, zilarrezko azala ikatzezko soinekoz estalia. Autobusean eseri bezain laster, txoferra harengana bueltatu zen, eta umeek amari ipuina kontatzeko eskatzen dioten begirada berarekin, hasitako istorioari jarraipena emateko erregutu zion. Andreak nonbait ulertu zuen gidariaren beharra, eta honela mintzatu zen leunki:


   “Manu eta haurra galdu nituenean, burua jaso ezinda geratu nintzen. Batera eta bestera ibili ondoren, halabeharrak herri honetara ekarri ninduen; eta nora gabe nengoenez, udal-aterpera jo nuen, jateko eta lo egiteko toki bila. Garai hartan ardoz gainezka ematen nuen eguna, etengabeko mozkorraldian, edozein bazterretan botata, udaltzainek jaso eta aterpera bueltan eraman arte. Burutik ezin aldendu nituen Manuren ondoan iragandako une zoragarriak, eta oinazea garratzegia egiten zitzaidanean, zurrutean hastea zen bide bakarra min hori, tarte baterako besterik ez bazen, arintzen saiatzeko. Noizbait ederra izan banintz, dena galdua nuen; zahartuta nengoen, eta urraturik. Tetrabric-eko eguneroko dosia lortzearren, edozertarako nengoen prest: ni baino mozkortiago zeuden gizonekin egiten nuen larrutan, zahar askoren igurtzi nazkagarriak jasan behar izan nituen… Behea jo nuen zeharo. Eta orduan agertu zen Carlos. Mota guztietako generoa saltzen den denda horietako baten jabea zen, eta hantxe erosi ohi nuen nik, dirua neukanean, bizitzatik aldentzeko behar nuen edaria. Gizon langilea zen, ona, ganorazkoa. Ama alargun geratu zitzaionean, jausi batez atera behar izan zuen haurtzarotik, eta heldu. Geroztik, berak hartu zuen bere gain negozioa, eta baita amaren ardura ere. Nik ez dakit zergatik, nire itxura tamalgarria agian, baina kontua da nitaz errukitu zela, eta dendarekin eta amarekin egiten zuen bezala, bere babesean hartu ninduen. Pattar eske joaten nintzaionean, luzamendutan hasten zitzaidan alkoholik ez eskuratzeko, eta horren ordez, urdaiazpikoa, gazta, jogurtak edo txokolatea oparitzen zizkidan, eta bere aurrean jatera behartzen; hotza egiten zuenean, txamarra uzten zidan, eta egun euritsuetan, aterkia. Hori guztia nirekin oheratzeko egiten zuelakoan, zorrak berdintzeko proposatu nion askotan; entzungor egiten zuen berak horrelakoetan, edo, bestela, erantzun gisa, xanpuz edo konpresaz betetako poltsa bat ematen zidan. Sekula ez zidan galdetu iraganaz, edo horrelako bizimodua hartzera bultzatu ninduten arrazoiez. Bezeroek begi txarrez ikusten zuten Carlosek emagaldu batengatik erakutsitako kezka neurrigabea; galtzak janzten zituen gizon bat haragikeriako grinak itsututa ikustea lotsagarri egiten zitzaien, eta horrela jakinarazi zioten haren amari. Ahalegindu zen andrea nire izena semearen bihotzetik ezabatzen, baina berandu. Carlos maiteminak ondo jota zegoen, eta langile bezain burugogorra zenez, nire ordura arteko bizitza behin betiko uzteko eskatu zidan, berarekin ezkontzeko, berak zainduko ninduela eta zoriontsu egingo, nik neure aldetik apurtxo bat jarriz gero. Balantzako plater batean Carlos, eta bestean, ezereza. Urtarrilaren amaieran ezkondu ginen”.


   Egun horretan txoferrak ez zuen autobuseko atea ireki nahi izan, ongi asko baitzekien, ekintza sinple hori burututa, alargunak alde egingo zuela, bere gizona izandakoarekin biltzera. Haren ahotsa entzuten jarraitzea zen bere itxaropen bakarra, huts handiarekin ez geratzeko, ametsetatik errealitatera ez itzultzeko. Emakumea joanda, amaren baratxuri-zopa, Champion League-ko final laurdenak, bozgorailuaren azpian kadirak mugitzen zituen ilegorria, harekin hizketan hasi den bibotedun kabroia… horiek guztiak etorriko zitzaizkion burura arrapaladan, eta berak benetan bizirik egotea zer zen jakin nahi zuen, eta hori beltzezko andreak bakarrik erakutsi ahal zion.


   Gizona ez aurrera ez atzera ikusi zuelarik, alargunak atea zabaltzeko botoiari begiratu zion: ezin zen berandu heldu. Azkenik, soinean daramatzan lehergailuak eragitera doan suizida baten zalantza berberekin, botoia sakatu zuen gizonak, eta andrea joaten utzi. Ez zen harritzekoa, ez, Carlosi gertatutakoa. Emakume horrek, mozkortia eta emagaldua izanagatik ere, bazuen halako xarma bat, gogotik ezin kendu zitekeena; haren gorputz meheak infernuko suak baino gehiago berotzen zuen; haren begiradak beratu egiten zuen gizon gogorrenaren bihotz burdinazkoa. Hura ez zen larunbat gauean dantzan ikusten zuen neska kaskarinetako bat; andre hark arimako ateak zabal zabal egin zizkion, koadrilako lagunek inoiz egin ez zuten bezala. Lagunak… Haien etxeetan ere egon gabea zen; akaso, zurrutean laguntzen zioten ezezagunak besterik ez ziren, porrot lagunak neskatan zebiltzanean, ustezko adiskideak.


   Hurrengo egunean, azaroaren azken ostiral horretan ere, emakumeak ez zuen hutsik egin. Autobusa bere aurrean gelditu zenerako, bertan zegoen, goizeroko malenkonia hori gainetik ezin astindurik. Farola baten argitan, inoiz baino zurbilago ageri zen, ia-ia gardena. Autobusean sartu, eta orduan gogoratu zuen gidariak bere lana andre hori hilerrira eramatea zela, eta horrela egin zuen. Bidearen erdian ari zirela, alargunaren hitzak entzun zituen:


   “Ezkondu ondorengo urte horiek bizitzako lasaienak izan ziren. Carlos nire zerbitzura zegoen, hain josita niri, ze nire albotik urruntzen zenean dendara joateko, arnasa ere falta zitzaiola zirudien. Bera lanean zegoen bitartean, etxeko gauzak egiten nituen nik, eta bere ama zaintzen nuen, izan ere haien etxean sartu nintzenetik, erdi gaixorik edo aldi txarren batek jota ibiltzen zen beti. Igandeetan, denda ixten genuen egun bakarra zenez, paseotxo bat egiten genuen, eta eguraldi zatarra egiten zuenean, kafetegi batean eseri eta txokolatea edaten genuen, bero-beroa. Kezkarik gabe bizi ginen. Edateari utzi nion, eta edertasuna itzuli zen niregana poliki; berriro sentitu nituen gizonen begiraden orratzek nire gorputzean iltzaturik, San Sebastianek geziak sumatu zituen bezalaxe. Gizon horietako batzuek hitz ederrak oparitzen zizkidaten; beste batzuek, berriz, proposamen lizunak egiteko aprobetxatzen zuten, ongi baitzekiten ordu gehienak bakardadean ematen nituela. Eta, halako batean, itsaso bare horretan ekaitza altxatu zen: bigarren aldiz nire bizitzan, burua galdu nuen gizon batengatik. Parranda zalea, odol berokoa, Carlosen oso bestelakoa; bere musuek berpiztu ninduten, eta ohartu nintzenerako, haren etxean nengoen, Carlos atzean utzita, azalpenik eman gabe. Gizon haren ondoan infernu gorriko leizean amildu nintzen. Berarekin bizitzen hasi, eta berehala damutu, drogaren hatzaparretan ondo itota zegoela konturatzean. Eguneroko dosia ezin topaturik zebilenean, amen batean pasatzen zen aldarte onetik txarrenera: haiek istiluak eta jipoiak… Neure buruarekin etsituta nengoen, eta bizitzaz gogaituta. Ezin izan nion eutsi drogaren besoetan babesteko tentazioari: erakargarriegia zen, eta aldapa behera irristatu nintzen astiro-astiro, hondoa jo arte. Ez dakit zenbat denbora pasatu ote nuen horrela, lokatzetan sartuta, baina egun batean Carlos azaldu eta etxera eraman ninduen bueltan. Aurrekoan bezala, ez zidan ezer galdetu, ez eta azalpenik eskatu ere, eta heriotzak elkarrengandik banandu gintuen arte, hasierako maitasunez zaindu ninduen. Herio krudelak hartzen gaitu gutxien espero dugunean… Baina aurkitu dut bidea Dama ikaragarria engainatzeko, eta nire gizonari zor dizkiodan uneak eskaintzeko. Berak zaindu bezala, zaindu nahi dut nik bere loa, eta horregatik jotzen dut berarengana egunero, nire esker ona baino gehiago, nire amodioa adierazteko”.


   Autobusa gelditu zen; hilerriko aparkalekuan zeuden. Txoferrak, buru-makur, motorra itzali zuen, eta dena isilik geratu zen. Gidariak oihukatu nahi zion bera izan zitekeela bere zaindari berria, bere ondoan aurkituko zuela galdutako bakea; baina, horren ordez, galdera ziztrin hau atera zitzaion:


   –Nola duzu izena?


   –Begoña –erantzun zion begiratu gabe autobuseko eskaileretatik.


   Ezin zion joaten uzten, esan beharrekoak aldarrikatu barik. Planak zituen etorkizunerako: etxe bat erosiko zuten gurasoengandik urrun, elkarrekin biziko ziren… Nahi izanez gero, seme alabak ekarriko zituzten, eta bata bestearen ondoan zahartuko ziren, eta zorte pixka batekin, elkarren besoetan hilko… Den-dena esan behar zion.


   Andrearen atzetik abiatu zen korrika, eta hilerrian sartu zen haren itzalari jarraiki. Han ez zegoen inor. Bat-batean, nahiz eta goizaldeko lainoak paisaia guztiz lurrundu, alargunaren soineko beltza ikusi zuen metro batzuetara. Ezker-eskuinera lerrokatutako hilobi tristeek pasabide estuak marrazten zituzten kanposantuan, eta horiek zeharkatu zituen arnasestuka. Noizean behin gelditu, eta entzuten geratzen zen, Begoñaren hanka hotsak nondik adituko, eta sumatu bezain laster, orpoz orpo jarraitzen zien. Baina gerturatzen zenean, alde batera edo bestera jotzen zuen emakumeak, eta berriro ezkutatzen zen lanbro lodi hartan. Horrela segitu zion hilerrian barrena, irteerarik gabeko kale batera heldu arte. Andrearen irudi zirriborratua ikusi zuen urrutitik, eta, azken hilobira helduta, baita nola kea bezain arin joaten zen begietatik.


   Eguzkia jaikitzen ari zen, eta behe-lainoa uxatu nahian, haren ezkutua zulatzen zuen bere errainuekin. Zokoratuta zegoen hilobira iritsi zenean, andrearen aztarnarik ez zela geratzen ikusi zuen; harrizko aingeru bat baino ez zegoen, atzamarraz harlauzaren gaineko gurutzea seinalatzen zuena. Une horretan, izpi batek argi pixka bat ekarri zion gurutzean jarrita zegoen hildakoaren argazkiari: autobuseko andrea zen; eta haren azpian, hitz hauek:



 


Begoña Corcuera Garrido andrea

(1960-2005)

Jainkoak zeruan eduki dezala


CARLOS, ZURE SENARRA, BETIKO


______________________________________________________

 

Irakurleen iritzia: (2 iritzi)

Zure iritzia:

123456



cuadro transparente