Benaresen azken arnasa ematen duen zoriontsuaren arima, Karma-ren legearen uztarpetik libre geratzen da, aske sekula eta betiko, kosmosarekin bat eginez.
-----------------
“Una experiencia inolvidable visitar Manikarnika durante la noche, el ghat de las cremaciones blablabla...”, irakurri nuen pare bat ordu lehenago sinplekeriaz beteriko turismo-gida burujale madarikatu hartan.
Uholdearen erdian, sutzarrek euri-jasaren eraginetik at ziruditen. Erregaiaren “bikaintasunagatik” ote zen?
Dom-ek, makila luzeak erabiliz, menderen-mendetan lortutako eskarmetuaren trebeziaz gobernatzen zituzten subanbadak.
Ke umel hark, sudurzuloetan lekedatzen zidan haragi-erre eta gorpuetako urin irakinen kiratsa nire azken sakonera sartu arte, erabateko higuin eta nazka sorraraziz.
Garezurraren kraskadarekin batera itzali ziren argiak. Arima erraturen bat ote zen hilotzetik aske geratu zen inguma hura?
Mentura hutsa zen haraindiko seinalea zirudien gertakizun hura. Orain badakit, baina, une hartan infernuko deabru guztietan eta ilunbetako superstizio guztietan sinesteko prest nengoela.
Potxingoan sakonago sartzea suposatu bazuen ere, itzalaldiarekin batera pausua atzera botatzea berezko erreakzioa izan zen.
Orkatila inguruan kiribildu zitzaidana sugea ez bazen, sugea zirudien.
Kontrolik gabe, buruak gorputzaren atal bakoitzari norabide ezberdin baterantz hanka egiteko agindu zion: aldiberean lau puntu kardinaletara egindako jauzi kaotikoa izan zen .
Ahuspez putzuaren erdian, alarauka hasia nintzen Orko haiek inguratu nindutenean. Laguntzera etorriak ziren, noski, baina ni ez nengoen milikeriak ederresteko tenorean.
Ihes egitea besterik ez nuen gogoan.
Txondorren suaren argitan, txerren haien aurpegi groteskoak, txantxo mehatxatzaileak bailiran, Tolkienek asmatutako mundu beltzetara zeramaten nire irudimena.
Aurrean nituenak zakarki bultzatuz, kalezulo batetik sartu nintzen arrapaladan Sauronen erreinutik iheska.
Montzoiaren ataska guztiak zabalik ziruditen une berean, Benares-ko labirinto hartan gauez sartzea adimenaren kontrako erabakia zela antzemateko, libre behar duzu egon beldurraren eldarniotik. Ez zen nire kasua.
Noraezean nenbilen karkabatik karkabara galmendi ilun hartan; hasierako garrasiak orro bihurtu ziren uraren nibela, gera gabe, orkatiletatik gora, belaunetatik gora, infernuko txaramela baino bihurriago, gerrialdera iritsi zitzaidanean.
Ur-jauzi amaigabeak estoldak butxatu zituen bere barneko salda fekala gomintatuz. Kaleak, itsasoratzeko pasagunerik gabeko ubide bihurtu zituen, ni goitik behera lokaztuta, erdian harrapatuz.
Orduan ikusi nuen, oinaztuaren argitan ikusi ere, gizon haren silueta. Trumoiari burrunbatzeko astirik emon gabe bereganantz jo eta laguntza erreguka besarkatu nuen.
Bigarren tximistak argitu gintuenean, beldarrez zulatuta zirudien aurpegi hartan marrazten hasia zen irribarreari osatzeko astia eman orduko, trenputxartuta eroria nengoen dzanga batean gorotz zirinez gainezka zegoen urtegi haretan. Heriotzarekin berarekin egin ote nuen ba topo!
Begiak zabaldu nituenean aurpegi bera ikusi nuen aurrez-aurre, oraingo honetan bonbila goibel baten argipean.
Charpoy batetan etzanda, ohial garbi batez bilduta nengoen. Intsentsuaren usain goxoak kaleko kiratsa ahanztarazi zidan.
Lehiotik zetorren euri zaparradaren hots beldurgarriak obaubaren musika zirudien orain.
Eskuetan zekarren tchai beroa luzatu zidanean begietara zuzenean behatzera ausartu nintzen lehenengoz, eskertsu behatu ere. Te-az gain, irriño bat eskaini zidan.
Orain, mustupila hura ez zitzaidan begitandu lehentxoago iruditu zitzaidan Lovecraften izaki likatsu horietako baten aurpegia. Sudurra eta betazalak jan zizkion gaitzak, ezin izan zion begiradaren samurtasuna eta musuko onberatasuna xurgatu.
Lepra gaixotasun arrunta da oraindino Indian. Lepradunak madarikatuak badira, are gehiago legenduna ukiezinen kasta-bakoa denean.
Dom-ek, hinduen gorpuak erretzeari emandakoak, hildakoen kaskezurrak hautsiz, berraragipen-gurpilera itzultzera bideratzen dituzte defuntuen arima galduak. Lan ez-purua, ez-puruen artean.
Shital Chaudhary dom-a, ukiezin legenarduna, gauerdi hartaz gero, nire lagun mina izango zen aurrerantzean 1998. urtekoko gau izartsu batean, sua ta kea, eresiak ta mantrak, garezurraren artesietatik merezia zuen Moksha-ren bila alde egin zuen arte, betirako askatasuna lortuz.
Sarritan bueltatu naiz Manikarnikara gau hartaz gero, batzuetan Shitalen eskutik eta bera faltatu izan zaidanean, bakarrik.
Dom –ek gogoraezinezko garaietan legez, bere azkenbako betebeharrean diraute.
Aurreustezko lenteak kendutakoan hauteman dut lehen bisitaldi hartako ekintza ankerra, urrikalmenduz beteriko jarduera ezinbestekoa besterik ez dela.
Orduko gaiztokia, atsegindegi bilakatu zait. Pasarte beldurgarritzat nuena, aurreiritziz betetako bidazti arrotz eta xalo baten begitazio tentela bihurtu da.
Daniovad, Shital!
K. Leintz
___________________________________________________________________________________
OHARRAK:
Ghat-a: Indiako ibai sakratuetan, uretara jaisteko aurki daitezken harrizko harmailadi edo eskalinata.
Benaresen hainbat ghat daude ibai-ertzeko hiru kilometrotan zehar. Manikarnika du izena denetatik garrantzitsuenak; ghat honetan hinduen zerraldoak erretzen dituzte.
Dom-ak: hinduen artean, ukiezin hauek dute hildakoen erraustearen ardura. Lan zikina eta ezpurua lan guztien artean baina “monopolio” honi esker dirutza egiten dute.
Erretzen dagoen gorpuaren burezurra kraskatuz, arima bere “ontzitik”aske uzten dute beste gorpu baten birsortzeko prest.
Karmaren legea: lege honen arabera bizitza honetan egindako ekintza eta egiteak datorren bizitzako reenkarnazioa baldintzatzen dute, heriotzak aske uzten duen arimarentzat gorpu bat ala beste bat aukeratuz.
Moksha, hamaigabeko reenkarnazioen gurpiletik libre geratzeari deitzen zaio, jainko gorenarekin bat eginez.
J. R. R.Tolkien: irakasle, filologo eta idazle britaniar honek “The Lord of the rings” eleberri fantastikoa idatzi zuen.
Sauron: gaiztoen artean gaiztoa, “The Lord of the rings” nobelako pertsonaia nagusietako bat. Orkoak bere morroiak dira.
Charpoy-a: berba indiarra; zurezko eta kalamuzko estruktura xumea duen etzalekua da charpoya. Egunez eserleku giza erabiltzen da eta gauez ohe giza.
Tchai: Tea esnearekin, kardamomoa bezalako espezia batzuekin prestatzen da. Edozein momentutan eta nonahi hartzen da baina etxera datorren bisitariari ongietorria emateko nahitaezkoa da tchai batera gonbidatzea.
Irakurleen iritzia:
(iritzi 1)

