Elurrez beteriko paisaia hotzean zut ikus daitezke eskultura guztiak. Jende andana ilaran zain, eskultore miretsienaren artelanak ikusteko. XXI. mendeko artistarik ospetsuenaren eskultura biziekin dantzatzeko, jolasteko. “Eskultura biziak”, bai, eta kontrakoa pentsatzen duenik badago, eman dezala buelta eta egin beza ospa! Nik ez dut horrelako jenderik nahi!
2.000 metro karratuko zelai ederreko zuhaitzaren aurrean nago. Aurreko pagoari so, baina pentsamendua atzera begira jarririk. Zuhaitz harekin konparatzen ditut munduko museo ezagunenetatik atera eta hemen ipintzea lortu ditudan nire 67 eskulturak. Zuhaitza bezain bizirik daude artelan guztiak. Eta udan eta neguan ez dira berdin egongo. Museoak ateak irekitzen dituen lehenengo eguna da gaur, eta elur malutek are ederragoak bihurtzen dituzte forma geometriko hauen kurbak. Hutsunea eta betetasuna elkartzen dituzten erpin mugagabeen besarkadak. Udaberriko loreek beste era batera jantziko dituzte hemendik gutxira. Eta udako beroarekin izerditu egingo dira. Udazkeneko hostoekin, berriz, ezkutaketara jolastuko dute. Baina ni aurreko pagoari so, nire atzerako bidaia egiten hasia naiz: nire bizitzaren sustraia haurtzaroan zegoen, amaren sabelean.
******************
Orain dela 47 urte jaio nintzenean nik banekien ez nintzela besteak bezalakoa, ez hobea ez txarragoa, desberdina baizik. Ez dakit nola esan, zerbait mistikoa zen. Psikologoen ahotik entzunda ikasi dugu haurtzaroak helduaroan duen eragina. Piaget, Freud, Erikson… zenbat buru, hainbat aburu! Eta ez haurtzaroak bakarrik, haurdunaldiak berak ere bai. Amaren sabelean gaudenean ere existentzialismoaren barne gara, mundu honetako kide gara.
Nire txikitako oroitzapenak burutik kendu ezinik eman dut bizitza osoa. Baina ez direla kendu behar ikasi dut, baizik eta horiekin bizitzen jakin. Eta hala egin dut. Sehaskan lehenengo lo kuluxkak egiten hasi nintzen momentutik jakin nuen etxean ez ginela aita, ama eta Joanes bakarrik bizi. Beste ziento bat lagun ere bai; gurasoen armairuko liburuak ireki eta itxi zalapartan ikusten nituen, hormako Van Goghen autorretratuari belarriko zauria sendatu egiten zitzaion, Joanesen gelako gau-mahaiko tiraderek itxi-irekiko dantza egiten zuten, eta sehaska ondoko Arturo erregeak ezpata gainean hegan egiten zuen. Eta ez hori bakarrik, hegan egin ondoren, argazkietako pertsona guztiak hiltzen zituen ezpata errukigabeaz.
“Amatxo, Arturo erregeak Excalibur gainean hegan egiten du, sorginek bezala…” -esan nion behin amari. Hiru urte edo izango nituen.
Bere erantzuna zein izango zen jakinekoa zen. Kentzeko burutik txorakeria horiek… bla-bla-ba… gizarte globalizatu honen akatsa. Entzuten ez dakien jendarte madarikatu honen bekatua. Enpatiarik ez duen supergizon txatxuaren zauria.
Ba, kontuak kontu, nire “paranoi delako horiek” eskolan ere jarraitu zuten. Plastilinazko gerlaria andereñoari ezpata bular erorietan sartzen ikusi nuen behin. Beste behin, egutegiko zenbakiak dantzan ikusi nituen. Inauterietako dantza alaia zen. Beste behin, psikomotrizitateko irakaslearen bibotea andereñoaren aurpegian ikusi nuen. Egoera barregarria zen. Andereñoari biboteak zituela esan nahi nion, baina ez nintzen ausartu. Hala ere, hurrengo egunean hautsi nuen nire isiltasuna.
“Andereño, objektuek ere bizitza dute” -esan nion sei urterekin nire maistrari. Hurrengo egunean bilera egin zuen maistrak gurasoekin. “Paranoiak…” horra hor guztiaren azalpena. Eta nik, “ez aita, ez ama, objektuek bizitza dute, bizitza propioa. Gaur Arturok Excalibur ezpataren gainean zuen gelara joaten utzi dit. Amodioa egiten ari zineten”.
Aitak ondoren eman zidan zaplastakoa mugarri izan da nire bizitzan. Nik amodioa aipatu eta berak zaplastako bat opari. Hau da hau paradoxa! Mugarri horrek etapa baten amaiera eta beste baten hasiera markatu zidan.
Hala ere, bigarrengo etapa horretako ateak ireki aurretik, etenaldi bat izan nuen. Hurrengo urteek nire bizitzan parentesi bat ekarri zuten. Blokeatuta, gizarte injustuaren biktima bihurtu nintzen eta inguruko denak sinesgogor nituen. Inori kasurik ez egiteraino iritsi nintzen. Mundu honetan bakarrik banengo bezala. Hamar urte bete nituen egunean haurrentzako zentro berezi batean sartu ninduten arte. Nire amona zenak esango lukeen moduan, eroetxe batean.
Eroetxe edo dena delako hartan hasi nintzen marrazkiak egiten. Marrazkiak hiru dimentsioetan, kartoi mehezko gazteluak, paperezko hegazkin sofistikatuak … Eroturik zegoen gizartetik at nengoen. Beraiek ziren eroetxean zeudenak, eta ez ni. Beraiek ziren objektuek bizitza zutela sinesten ez zutenak. Eman al zidaten egoera azaltzeko aukerarik? Ez.
Kontuak kontu, eta esanak esan, delako zentro hartatik ihes egin nuen eta gaurdaino nire familiarekin egin ditut azken urteak. Familiako kide berriak sortzen joan naiz, gaur denera 68 senide osatu garen arte. Orain, denok batera elkartzea lortu dut. Jendeak esango du zerbait demostratu nahi dudala egin dudan museo handi honekin… ez horixe. Nik nire barruko arrari egin diot kasu, nire bihotzaren pedalei eragin diet, eta nire familia eder hau sortu dut. Orain ahalguztiduna bainitzan begiratzen naute denek: “XXI. mendeko eskultorea”. “Existentzialismoaren Jainkoa”. Dei diezadatela nahi duten bezala, eta doazela pikutara! Besteei entzuten ez dakien gizarte gaixo hau gorroto dut! Besteak ulertzen ez dituen gizarte madarikatua! Gizarte suntsitzailea!
*********************************
Gustura nago nire paisaiari begira. Meta formako kobrezko bi eskulturak maistraren titi eroriak baino dotoreagoak dira. Harrizko bi artelan luzexka elkarren gainean daude, amodio amaigabea egiten. Eta gainontzeko eskultura guztiak dantzan daude. Elur malutek paisaia are dotoreagoa egin dute. Eta behin urtzen doazen neurrian nire familiarentzat edari izango dira. Leku zoragarri honetan emango ditut nire hurrengo urteak. Arturoren Excalibur ezpata gainean mugituko naiz batetik bestera, eta atseden hartzeko mahai borobilean eseriko naiz. Neu, Arturo banintz bezala, errege sentitzen bainaiz. Ez boterea lortu dudalako, nire erresuma osatu dudalako baizik.
____________________________________________________________________________________
Irakurleen iritzia:
(iritzi 1)

