Ir al contenido
Imagen Corporativa de Insomnium
ASTELEHEN GOIZETAN EGITEN DIREN GAUZAK

   Goizeko 7:30ak.  
    Iratzagailua esku golpe zehatzaz itzali eta ohe ertzean eseri da. Oin bilutsiekin  zorua arakatzen dihardu etxeko zapatila bila, kostata  baina azkenean egin du topo eskuin hankak pelutxe taktuzko  oinetakoekin. Krokodilo buruetan oinak sartu eta sukalderantz doa  pasilloan zehar  begietako makarrak kenduaz.  Gizona ohean gelditu da.
    Sukaldean sartu  da, irratia piztu, kafetera bete, esnea sutan jarri eta laranjak erdibitzeari ekin dio. 8 laranja litro erdi zuku.
    Goizeko 8:00ak.  
    Iratzargailuaren hotsa dator pasilloaren beste muturretik. Esku  bat dabil soinua harrapatu nahian, kolpe baldar batez  amatatu du hotsa, ohean bira eman eta bertan gelditu da.
    Bitartean Ana Ritak laranja arrastoz likisturiko eskuak eskutrapuarekin garbitu ditu, krokodilo buruak soinean  pasilloa zeharkatu, semearen gelan sartu eta pertsianak ireki ditu.
    -Gosaltzera-  esan dio, mantapean ezkutatu den bultoari.
    Goizeko 8:30ak.
    Martin, semea, eta Ana Rita, ama, sukaldean eserita daude, isilik. Martinek madalenak kolakauan busti  eta bata bestearen atzetik ahoratzen ditu. Ana Ritak kafe hutsa dauka aurrean eta koilararekin bueltak ematen dizkio erritmo konstante eta mekaniko batekin.  Isiltasunak irratiaren marmarrak estaltzen du.
    Goizeko 9:00ak.  
    Etxeko atean semeari muxu eman dio masailean eta egunero bezala begira gelditu zaio, bebarruko eskailerak   jaitsi eta kalera irten den arte. Gero atea itxi eta sukaldera itzuli da.  Sukaldeko amantala jantzi, tipulak zuritu, baratxuria sutan jarri, azenarioa zatitu … Gaur lentejak prestatuko ditu bazkaltzeko.
    Goizeko 11:00k.
    Ana Rita kalera irten aurretik bere poltsa ordenatzen ari da.   Egitekoen errepaso mentala gutxienez hiru aldiz egin du, (lentejak prest daude, arropak esekita, semea eskolan, gizona lo). Beraz zapata beltzak jantzi, poltsa sorbaldan  jarri eta kalera irten da.
    Etxe sarreran utzi ditu bi krokodilo buruak.
    Bi ordu ditu semea eskolatik atera aurretik, nahikoa denbora zenbait erosketa egin eta etxera garaiz itzultzeko.  Betiko bideari ekin dio. Harakinarenean kilo bat xerra erosi eta bertan utzi ditu gero jasotzeko.  Barazki dendan,  tipulak, azenarioak  eta azalorea  erosi eta badoa, gero pasako da bila.
    Martini ez zaio azalorea gustatzen baina denetarik jan behar da. Ana Ritak ama ontzat dauka bere burua.
    Goizeko 11:45.
    Bankuaren parean poltsa miatu du berriro, egin beharrekoen ordena errepasatu eta eta atea zeharkatu du poltsa sorbaldan hartuta.
    Jende ugari dago ilaran eskuan kartilak  hartuta. Laster konfesatuko dituzte sekreturik gordinenak,  gaur egun bankuko kartiletan idazten da gure desgrazien biografia.
    Ana Ritak bere txanda hartu du, makinan 95 zenbakia egokitu zaio. Eta zain dago, eskuak sabel gainean elkarturik.  
    Ilaretan zain daudenean desagertu egiten da jendea.  “Pause” egoeran gelditzen gara. Ana Ritak noizean behin bere zapata beltzei begiratzen die, dituen zapata guztiak beltzak dira errazak konbinatzen. Bera ere zapata beltzen antzekoa da; osagarri hutsa, garrantzirik gabea, gehiegi molestatzen ez duena.
    Zenbakiak aurrera doaz 88a pantailan piztu berri da. Pausu bat aurrera.   
    Ana Rita gazte ezkondu zen, baina oraindik arrunt gogoan du, ordudanik etengabe zahartu baita. Zoriontsu izan zen ezkontzaren ajeak iraun zion bitartean, baina senarrak  segituan utzi zuen etxean, ezkontza egunean oparitutako lapiko eta ontzi-garbigailuaren  ondoan.
    89-90 pantailako zenbakiak  aurrera doaz, ilarak inertziaz  bi pausu aurrera.
    Gogor estutu du poltsa saihetsen ondoan.  Bere aurrean dagoen gizasemearen bizkarrean iltzatu ditu begiak, gogoa urruti dauka.
    Martin jaio zenean, bakardadea leunduko zitzaiola uste izan  zuen. Semeak ordea muxuak soportatu egiten dizkio eta ez dio begiradarik itzultzen.
    91-92 eta 93 zenbakiek keinuka deitzen diote jendeari.
    Ana Ritak gero eta estuago eusten dio poltsa beltzari. Eskuan daukan paper zatitxoa ximurrez josita dauka. Burua makurtu du, bularra bihotz taupadez bete zaio.
    Pelutxezko krokodilo zapatilak ditu gogoan.
    94a piztu da.
    Ana Ritak poltsa beltza ireki eta eskuekin bilatzen du.  Trastez beteriko poltsan zehar arin, maisuki mugitzen dira behatzak, hau ez, hau bai, behatz mamiekin ukitu du artile beltza.
    Poliki atera du, pisatu egiten dio esku artea eta hotz sumatzen bildua duena. Poltsa lurrean pausatu eta zain gelditu da.
    95a keinuka dabil pantailan
    Garrasi bat entzun da, ume bat negarrez.
    Ana Ritak buruestalki beltza darama jantzita eta  alde batera eta bestera apuntatzen du esku artean estutzen duen altzairu beltzezko pistolaz.
    --¡Manos arriba!  ¡Esto es un atraco! --oihukatu du pelikula  batean balego legez.
    Guztia isilik gelditu da istant batez. Ana Ritak mostradore gainean utzi du 95 zenbakia eta pistola jarri dio bekokian mostradore atzean dagoen ilehoriari.
    Eguerdiko 12ak
    Bankuko beiretatik argi gorria sartzen da keinuka. Sirena hotsak kanpandorreko erlojuaren kanpai hotsa ezkutatu du.
Etxean gizona ohetik jaiki da eta sukalderantz doa, ez daki iristean krokodilo zapatila parea besterik ez duela aurkituko.



 

Irakurleen iritzia: (iritzi 1)

Zure iritzia:

123456



cuadro transparente