Goizeko bostak izaten ziren Aita Bartolok matutiak entzun eta hankak ohetik ateratzen zituenerako. Hotzak izaten zituen oinak, izoztuta behatzak. Izana geldoa zuen, motela, eta goizean goiz, artean eguna esna ez zegoela, nagiak ateratzea ere asko kostatzen zitzaion. Baina oso ezkutuan gordetzen zuen bere akats hori, nagikeria ez baitzen penitentziaren sakramentuan bizi zen inorentzat mesede. Izenak eta izanak ezin zuten biek bide berbera egin. Guztia guztion onerako eta guztiontzat egin behar zen. Lelo horretan ez zegoen alferkeriarentzat tokirik.
Goizeko matutiak entzun, otoitzak egin eta, bezperako pentsamendu zikinak garbitu ondoren, gosaldu egiten zuen. Berak eta besteek. Esnea, taloa eta harrizko jangela hartako hotza. Hotz hark kontserbatzen zituen komentu hartako fraide guztiak, formolean bezala. Usaina ere halakoxea zuten. Fraide usain hura oso fuertea zen, denbora luzez leku itxi batean kanpoko airerik sentitu ere izan ez duen kiratsa, zoko-usaina, hurbil-hurbiletik usnatuz gero pauso bat atzera egiteko modukoa, belarri ondoan haien ahotsa entzun orduko arnasari eutsi eta hizketaldia lehenbailehen amaitzeko errezatzen egon behar zenuen horietakoa. Komentuko hats eta hotz lehorra betirako bikote bihurtuta zeuden, ezkontzaren sakramentu sakratua betez.
Sufrikariozko hotz bakarti hartan aitorlekua zen txokorik goxoena. Akaso horregatik jaikitzen zen presaren presaz mahaitik gosaldu bezain laster Aita Bartolo aitorpenak entzutera. Gaueko bakardade ilunean izandako pentsamenduak bizitzeko modua izaten zuen. Gehiegi bizitzen zuen Aita Bartolok aitorlekuko txoko bakarti hura, apetan hartuta zuela ere esaten zuten batzuek, gazteenek, ausartenek, mihiluzeek. Komentu hartan bazirelako besteen jardunari eztena non sartu begira egoten zirenak. “Oso hozkila da” zioten zaharrenek, Aita Bartoloren jarrera zuritu nahian. Aita Bartolok entzun entzuten zituen batzuen eta besteen ahopeko hitzak, baina luzera halakoei jaramon egiteari utzi zion: burutazioek nahikoa lan ematen zioten. Aitorlekua mundu magiko bihurtu zen berarentzat. Hantxe entzuten zituen irudikatu ere ezin zituen istorioak. Eta, gaixoei azken igurtzia ematen zaien bezala, mundu magiko hartan ezagutu zuen hondamendira bultzatuko zuena: Mona.
Mona deitzen zion eta berarekin asetzen zuen egunero barren-barrenean sentitzen zuen hutsune beldurgarria. Mona gozoa zen, oso gozoa. Azala leuna zuen oso, hatz puntekin alde batetik bestera ukituz gozatzen zuen ondoen berarekin; kolorez iluna, zenbat eta ilunagoa begiak are eta gehiago pizten zitzaizkion, gauaren beltzean errazago gordetzeko moduko sekretua baitzen; usaina, zenbat eta garratzagoa are eta erakargarriagoa, zigorra betetzeak izaten duen garraztasuna; eta zaporea… mihia batera eta bestera ibiltzeko, mikatza nahiago, izerdiak duen mikaztasuna dastatzeko.
Gauez, logelan, bakar-bakarrik, pentsamendu lizunekin batera, gorputzean zirrara bereziak harrapatzen zuen. Eta gauero, pentsamendu lizun haietan galduta damutu egiten zen, damutu egunez pentsatutakoaz, damutu gauero egindakoaz, eta damutu damutzeaz. Dena korapilatzen zitzaion. Bere bizitza korapilo handi bat zen. Egunsentian korapiloa txiki-txikia izaten zen, laxo baten antzekoa, eta egunean zehar otoitz eginda askatu ere askatzen zen, baina ohera sartzen zenean, korapiloak barrena hartzen zion, itolarria sentitzen zuen eta hormari buru-joka arnasestuka hasten zen. Horma haietatik kanpo isiltasuna zen nagusi. Inork ez zuen ezer galdetzen, berak ez zuen ezer esaten, dena ezkutuan gorde nahi zuen, baina korapiloa gero eta handiagoa zen.
Korapiloa askatzen zuen bakoitzean bazekien hurrengo egunean berriz askatu beharko zuela eta sabelean sentitzen zuen korapilo hura burua gero eta azkarrago heltzen zitzaion. Burua nahastu, pentsamendua galdu eta begiradak ihes egin zion arte. Gauerdian esnatzen hasi zen “Monaaaaa!” oihukatuz. Komentu osoan entzuten ziren Aita Bartoloren oihu gordin, garratz eta bakartiak. Orduan ere inork ez zuen ezer galdetzen, kontzientziaren lanak norberarenak direlako, nork bere buruari azalpenak ematea baino egoera lazgarriagorik ez zutelako ezagutzen komentu hartan. Egunsenti batean ohe gainean urkatuta aurkitu zuten arte. Lepoan laxo dotore bat zuen, gozo-dendetan opariak egiteko erabiltzen dituzten laxo ponpoxo horietakoa.
Aita Bartolo hozkila zen, egia, baina baita gozozalea ere. Goizero aitorlekura abiatzen zenean goxotasunaren bila joan eta gozotasuna topatzen zuen. Nahi gabe baina nahita.
Gozotasun hura kamioi batean iristen zitzaion egunero, eguna argitu bezain laster, komentuko ate nagusitik: Mona Txokolateak jartzen zuen kolore gorriz kamioian, eta beti bezala, fraideen eskulana eskatzen zuen. Komentu hartan txokolate enpresa baterako egiten zuten lan, txokolate tabletak halako laxo dotore batez lotuta saltzen baitzituzten. Fraideen eginkizuna zen laxo hura txukun-txukun jartzea. Fraideen betebeharra zen sabelkeriatik urrundu eta penitentzian bizitzea.
Irakurleen iritzia:
(iritzi 1)

