BESARKA NAZAZU...
Ezpata sartu dit
Ispilua da momentu honetan nire etsairik handiena. Ispiluan begiratzea ekiditen dut ahal den neurrian, baina ez dakit bera etsaitzat hartzean ondo egiten dudan. Bera nire pasadizo triste honetako bidelaguna besterik ez da. Berak gertatzen zaidana ziurtatu besterik ez du egiten. Hobeto esanda, maite dudan pertsona batek egiten didana ziurtatu besterik ez du egiten. Baina maite al dut pertsona hori?
Nik baietz esango nuke, maite dudala eta gorroto, era berean. Hala ere, beregan sentitu izan dudan maitasunak (eta oraindik ere sentitzen dudanak?) luzarazten du egoera jasanezin hau! Sarritan maitasunaren eta gorrotoaren arteko muga oso estua da. Sarritan bizitza eta heriotzaren artean soka mehe bat besterik ez dago eta gu soka horren gainean gabiltza, malabaristen moduan, bi besoak luzatu eta oina non jartzen dugun begira. Grabatuta gelditu zitzaidan 2007ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean Unai Agirrek Illunbeko zezen plazan bota zuen bertsoa; kartzelako lanean minbizia zuen pertsona baten larruan sartu zen Unai. Bere hirugarren bertsoko azkenengo bi puntuak ondo gogoan ditut:
bizitza eta heriotzaren
artean dagoen soka,
gure mundu hau zer da azkenean
etengabeko borroka!
Nirea behintzat etengabeko borroka ari da bihurtzen. Garaitu ezin dudan borroka latza. Egun horretan (abenduak 16, ondo gogoan dut) nire senarra neure ondoan eserita egon zen. Leire oso txikia zen orduan eta nire aitona-amonekin utzi genuen. Baina Antoniori ez dakit “nire senarra” deitu edo “nire hiltzailea”! Edo nire “senar hiltzailea”! Ze, martxa honetan hilko nau! Illunbeko egun handi hura baino pare bat aste lehenago, gutxi gorabehera, hasi zen kalbario guztia. Ez dakit egun bat hasiera moduan jar daitekeen... ez dakit zein egunetan sartu nintzen lehenengo aldiz tunel beltz honetan... ez dakit! Konturatu nintzenerako labirinto honetan sartua nengoen.
Illunbeko egun handia aipatu dut, eta ez dut uste bertso txapelketagatik bakarrik izan zenik. Era berean, azken aldian eguneroko ogi bihurtu diren gertaera triste hauekin lotzen dut; beste zenbait ospakizunetan (nahiz eta nire ustez, ospatzeko ezer ez egon) ezpata sartu ohi diete zezenari leku horretantxe. Ba niri senarrak garai hartan edo egun haietan sartu zidan lehenengo ezpata. Eta harrezkero, bat bestearen atzetik sartu dizkit. Horren aurrean babesa edo ezkutua jartzen saiatzen naiz, baina gehienean alferrik izaten da. Guda honetan berak irabaziko du, baldin eta arazoari muinetik, errotik eusten ez badiot. Baina esatea erraza da. Esatea beti da erraza.
Baina ispiluak ez du inor engainatzen. Ispiluak ez du gezurrik esaten! Beharbada, horregatik gorroto dut ispilua, edo ispiluan begiratzea! Azken finean neure bizitza nazkagarri hau gorroto dut eta ispilua bera da gertatzen zaidan guzti honen ispilu! Gaur goizean ere, begiratzeko beldurrak egon naiz. Beldurra, ikara, lotsa, amorrua... ez dakit zenbat sentimendu eta adjektibo jarri momentu horri. Azkenean ausartu naiz begiratzera eta... ezkerreko begia erabat puztuta, bekain batean ebaki sakona eta ahoa zabaldu dudanean, hortz bat falta zaidala ikusi dut. Ez naiz harritzen, egia esan, gau guztian aho barrenean sentitzen nuen mina ez zen parte onekoa. Aurpegia garbitu dudanean, ubeldu eta ebaki gehiago azaldu zaizkit. Eta hori, oraindik ez diodala gorputzari erreparatu!
Oraintxe afaldu dugu Leirek eta biok. Bera da nire bizi-poza, bera da nik momentu honetan dudan guztia. Bera gabe ez nuke aurrera egingo. Hala ere, neure buruak baino gehiago arduratzen nau berak. Jada lau urte ditu eta nik uste dut, ohartzen dela etxe honetan zerbait gaizki doala! Eskaileretatik erori naizela, kalean irrist egin dudala, zartagineko olioarekin aurpegia erre dudala... gezur askotxo dira dagoeneko. Baina nola esango diot ba lau urteko alabari bere aitak egurtu, jipoitu, makurrarazi, jo egiten nauela? Nola esango diot animalia basati baten moduan tratatzen nauela? Nola esango diot mozkor-mozkor egin eta ohean bere morroi izatera behartu ondoren jipoitu egiten nauela? Horiek guztiak esanda ere ez lituzke ulertuko! Eta ulertzen hasten den unean, ez ditu onartuko! Baina eskerrak bera hemen dagoen, bestela bizitza honek ez luke zentzurik izango! Bestela, honezkero nireak egin zuen; nik amaituko nuen bizitzarekin edo bizitzak nirekin, baldin eta bien artean alderik baldin badago.
Behin, irratian esaldi polit hau entzun nion idazle bati: “bizitza bidaia bat da; bidaia horretan topatzen duzun bidaide bakoitza zure bizitzaren parte bilakatuko da”. Oso esaldi polita! Bi bidaide garrantzitsu aurkitu ditut nire bizitzako azken urte hauetan: Antonio eta Leire. Antonio nire bidaide izatearekin amesten nuen hasieran eta hori lortu nuenean, pozak txoratzen jarri nintzen. Orain, nire bidaia honetatik kanpora bota nahi dut, baina ez da erraza... Eta Leire? Bera gabe bidaia honek ez luke zentzurik. Bera dut bidelagunik fidel eta maiteena.
-Gaur ipuinik kontatuko al didazu, amatxo?
-Bai, maittia, nola ez ba?
-Zein kontatuko didazu? Txanogorritxorena? Hiru Txerritxoena?
-Ez, gaur ezagutzen ez duzun ipuin bat kontatuko dizut, alabatxo! Besteak baino pixka bat luzeagoa da, baina asko gustatuko zaizu!
Niri beti gustatu izan zait ipuinak idaztea. Antonio eta biok senargaiak ginen garaian asko idazten nituen, eta sariketaren batera edo bestera bidali ere bai! Behin, Zumaiako Julene Azpeitia Ipuin Lehiaketan bigarren saria irabazi nuen. Laurogeita hemezortzian edo horrela izango zen. Gero, ezkondu eta Leire mundura etortzearekin batera, denbora librea asko murriztu zitzaidan. Horrela, izango dira hiru bat urte ipuinik idatzi ez dudala.
Oraintxe armairutik hartu eta eskuartean dudan ipuin hau beti izan da berezia niretzat. Ez ipuin honekin saria irabazi nuelako bakarrik, idazteko hautatu nuen momentuagatik ere bai; triste nengoen momentu bat izan zen, munduko injustizia asko gogora etorri zitzaizkidan momentua. Eta horrela, ipuin polita gelditu zitzaidan!
Gaur ere, triste nago, eta horretaz gain, ez dakit zergatik baina, alabari kontatzeko gogoa sartu zait. Badakit ipuinaren mezu nagusia ez duela ulertuko, baina ez dakit, berari kontatzeko beharra daukat. Urteak dira armairuko apal sekretuan gordea neukala, eta nik uste dut, noiz edo noiz hortik atera behar nuela. Liburu guztiak ez dira berdinak, eta liburuak berdinak ez diren neurrian, berauek atseden hartzen duten apalak ere ez. Norbaiti arraroa irudituko zaio liburuak atseden hartzen duela entzutea, baina horrela da. Liburua apalean dagoenean atseden hartzen dago, baina atseden hori luzeegia izaterik ez da komeni. Liburuak irakurri ezean, letrek lo hartzen dute eta betirako lokartuz gero, liburuak bizia galtzen du. Baina nire ipuin honek egin duen loalditxoa ez da betiko atsedena izan. Berak bazekien gaur ez bazen, bihar, eskuetan hartuko nuela, eta nik ere banekien goiz ez bazen, berandu, nire eskuetara iritsiko zela.
Orain dela...
-Zuk nahi duzunean, amatxo! Ikastolan esaten diguten moduan, belarriak zabalik, begiak erne eta kremailera itxita dauzkat!
-Horrela gustatzen zait alabatxo! Besarka nazazu, maittia! -ez dakit zergatik, baina negarrez hasi naiz eta alaba besarkatzeko beharra sentitu dut, nire bizitzako azken eguna balitz bezala.
-Ama, zergatik zaude negarrez? Eta zer da besarka...?
-Besarkada ematea muxu ematea bezala da, pa ematea bezala, baina bihotzarekin!
-Bihotzarekin?
-Bai, Leire, bihotzarekin... baina beste batean azalduko dizut hobeto –banekien ez zidala ulertuko.
Neu ez naiz ohartzen alabari helduei bezala hitz egiten diodala sarritan, baina helduren batekin hitz egiteko beharra sentitzen dut, nire barruko penak askatzeko, kanporatzeko. Ze, ulertzeko zaila den arren, bera da nire alaba, nire senarra, nire psikologoa... bera da daukadan bakarra! Bera da daukadan guztia! Ni mundu honetan egon ez banintz, bera ez zatekeen hemen egongo, baina era berean, nik berari esker bizirauten dut. Bera da nire arnasa... Honenbestez, ipuina irakurtzeko prestatu naiz, baina...
-Ama, badakit zergatik zauden negarrez.
-Zergatik, maittia?
-Berriro ere eskaileretan erori zara eta pupa handia hartu duzu. Horregatik zaude negarrez. Nik uste dut, bart gauean erori zarela, zure negar hotsak entzun ditut eta. Aitari eskailerak konpontzeko esan beharko diogu, ama... Eta non da aita?
-Gaur lanetik berandu etorriko dela deitu dit lehen. Zu oheratzeko eta ipuin polit bat kontatzeko esan dit. Zuretzako muxu bero bat ere bidali du lantegitik –gorroto dut gezurra esatea, baina ez daukat beste erremediorik. Oraindik lau urte besterik ez ditu.
-Beno ba, amatxo, hasi ipuina kontatzen!!!!!
Ohean goxo-goxo egon dadin, manta gainean txukun-txukun jarri diot, bere ile ederra laztandu eta ipuina kontatzen hasi natzaio:
Erregina izan nahi ez zuen printzesa!
-Baina printzesa guztiek izan nahi dute erregina, ezta? Hori al da izenburua? Jada badakit izenburua zer den; ipuin baten hasiera da!
-Bai, horrela da. Ba hori da izenburua eta printzesa honek ez zuen erregina izan nahi. Gero ikusiko duzu zergatik... Erregina izan nahi ez zuen printzesa... Orain dela urte asko, Erdi Aroan, munduaren beste aldean, Eguzkiñe izeneko printzesa bat bizi zen.
-Ama, zer da Erdi Aroa?
-Erdi Aroa aspaldiko garai bat da, zure aitonaren, aitonaren aitona bizi zenekoa –zenbait gauza ez dizkit ulertuko, baina berdin dio.
-Buaaaaa!!!! Oso aspaldi, ezta?
-Oso aspaldi, bai, -eta kontakizunarekin jarraitu dut-. Printzesa hau eguzkia bezain distiratsua zen, eta horregatik deitzen zen Eguzkiñe. Errege-erreginekin bizi zen beraien gaztelu zoragarrian. Erresuma osoko neskarik ederrena, politena zen Eguzkiñe. Leihotik bere aurpegitxoa ateratzen zuenean, txori guztiak pio-pio kantari hasten ziren, eta negua udaberri bihurtzen zen. Gaztelu ondoko lorategira joaten zenean, emozioaren emozioz, lore guztiak dantzan hasten ziren, eta tximeletek musika jartzen zuten. Inguruko jauntxo eta zaldun guztiek printzesa xarmangarriarekin ezkondu nahi zuten. Baina Eguzkiñe, printzesa zenez, printzearekin ezkontzera beharturik zegoen. Gerora, Erregina izateko jaio zen.
-Jantzi soinekorik ederrena, Eguzkiñe! Gaur, nire urtebetetze-festa ospatu behar dugu eta gure gazteluan –esan zion bere aitak, Erregeak.
-Ez, aita! Nik ez dut soineko dotoreak jantzita ibili nahi! Nik ez ditut urrezko bitxiak soinean eraman nahi! Nik neska gazte arrunta izan nahi dut. Gu dirua alferrik gastatzen ari garen bitartean, munduan haur asko goseak hiltzen ari da! –erantzun zion Eguzkiñek, haserre.
-Alabatxo, ez ezazu txorakeriarik esan! Zu printzesa zara eta printzearekin ezkonduko zara. Gaurko afari berezira bera ere etorriko da, eta soinekorik ederrena janztea komeni zaizu –esan zion amak, Erreginak.
-Niri noiz erosiko didazu soineko eder horietako bat, ama? Nik ere printzesa bezala jantzi nahi dut, polit-polita –nahiz eta ipuineko mezu asko ez dituen ulertuko, gutxienez haria jarraitzen ari da, eta horrek asko pozten nau.
-Leiretxo, zu soineko ederra jantzi gabe ere oso eder zaude, baina soinekoa nahi baduzu, erosiko dizut, baina handixeagoa egiten zarenean. Horretarako jogurt asko jan behar dituzu!
-Oso ondo, amatxo! Uaaaaa!!! –logurak dago gaixoa. Laster lokartuko da. Nik kontakizunarekin jarraituko dut...
Baina Eguzkiñek, haserre, korrika alde egin zuen. Bere logelan sartu eta negarrez hasi zen. Lepotik zintzilik zeuzkan diamantezko bitxiak eta eskumuturrean zeramatzan urrezko “pultsera” guztiak kendu eta lurrera bota ondoren, ispilutxoari hizketan hasi zitzaion:
-Ispilutxo! Ispilutxo! Lagundu! Gorroto dut printzesa izatea! Nik ez dut Erregina izan nahi! Nik ez dut handiusteko printze horrekin ezkontzerik nahi! Nik, maite dudan gizon batekin ezkondu nahi dut! Lagundu ispilutxo!
Baina ispilutxoak ez zuen erantzuten. Hamaika saiakera egin zituen, baina ispilua oso zaharra zen, eta aspaldian gaixorik zegoen. Eguzkiñeren birramonarena zen. Baina halako batean…
-Halako batean, zer, ama? Zergatik aldatzen duzu ahotsa ispiluarena egiterakoan? Edo Erregearena egiterakoan? Zergatik zabaltzen duzu ahoa hainbeste Eguzkiñerena egiterakoan? Eta zergatik aldatzen duzu aurpegia Erreginarena egiterakoan?
-Zuei andereño Mirenek ipuina kontatzen dizuenean ez al ditu otsoaren edo Txanogorritxuren ahotsak desberdin egiten? Ez al du tristura aurpegia jartzen Ahatetxo Itsusiarena egiterakoan?
-Bai, ama! Eta Hiru Txerritxoena ere oso polita egiten du! Gainera, kurrin-kurrin esaten du. Baina, gauza bat, ama...
-Zer, laztana?
-Andereño Mirenek Ahatetxo Itsusiaren ipuina kontatzen digunean, ez du beti tristura aurpegia jartzen, bukaeran ahate ederra eta polita bihurtzen delako eta orduan ahatea oso pozik dagoelako. Orduan, Andereño Mirenek aurpegi alaia jartzen du.
-Zein ondo ezagutzen dituzun ipuinak, laztana! –zein azkarra den gure alaba... beno, nire alaba (aspaldian “gure” hitza ez dago nire hiztegian) ....
-Eta zure ipuinean Eguzkiñe ispiluari hizketan ari zaio. Zuk ere ispiluarekin hitz egiten al duzu, berak bezala?
Berriro ere, malkoak irristatu dira nire begietatik. Ispiluarena aipatu duenean, nire azken bi urtetako errealitatearen ispilu bilakatu den pasilloko ispiluaz gogoratu naiz. Logelakoa kendu egin nuen, egunero bertan begiratu eta nire aurpegi ubeldua ez nuelako ikusi nahi, baina pasillokoa hor dago, egunero nik begiratu zain! Azken finean, kenduko banu, nire burua engainatu besterik ez nuke egingo. Hau dena normala dela azaldu nahi diot nire buruari, nik oraindik asko maite dudala Antonio. Normalak direla berak egiten dizkidan gauza guztiak! Baina badakit hori ez dela horrela. Hori horrela dela onartuko banu, itsu nengoke, eta ez dago ikusi nahi ez duena baino itsuagorik. Hala ere, eman beharreko pausoa ematen ez naiz ausartzen; ez dut adorerik telefonoz deitu eta laguntza eskatzeko, ez dut norbaiti guztia kontatzeko kuraiarik!
-Nik egunero hitz egiten diot ispiluari, eta berak ere hitz egiten dit! –erantzun diot, gezurrik kontatu gabe baina era berean, egia guztia kontatu gabe-. Zuk ere, bihar egin dezakezu proba, ea erantzuten dizun.
-Bihar egingo dut, amatxo!
-Besarka nazazu, maittia! –bigarren aldiz nire alaba besarkatu dut!
-Berriro ere mina sentitzen duzu aurpegian, ezta? Zeeeee…. Berriro negarrez hasi zara.
-Bai, laztana, horrela da!
Ur azpian itoko balitz!
Niri gertatzen zaidana kontatu ezinaren inpotentzia sentitzen dut. Heldu bati ere ezingo nioke egoki azaldu nire egoera. Eta haur bati? Hala ere, badago hitz egiteko erraztasuna duen jenderik munduan, eta momentu honetan, pertsona horietako batekin gogoratu naiz: Maialen! Berak Filosofia ikasketak egin zituen eta iaioa da esaldi borobilak botatzen. Ez zuen aukerarik galtzen kafea hartzeko gelditzen ginen bakoitzean. Esaldi haiek, sarritan, hitz-jario batek baino hobeto laburbiltzen zuten gure mundu hau... Mundu honetan bizi den jendeari buruz hizketan ari ginen aste egun buruzuri batean esaldi hau bota zuen: “munduan milioika pertsona bizi da eta pertsona bakoitza mundu bat da”. Hori paradoxa, ezta? Baina egia da, munduan ez dituzu bi pertsona berdin aurkituko. Pertsona bakoitza mundu bat da. Nire senarra ere mundu bat da, baina azken denboraldiko mundu hori ez dut ezagutu nahi, ez dut mundu horretan bizi nahi!
Gogoan dut, arratsalde hartan nola kontatu nion Maialeni, Antoniok (artean nobioak ginen) bezperan belarrira xuxurlatu zidan esaldi polit bat: “laztana, sar zaitez Maitasunaren Barkuan eta hartu ezazu lur Antonioren portuan…”. Eta horrela egin nuen, Antonioren portuan hartu nuen lur, oso maitemindurik nengoelako. Orain, aldiz, nahiago nuke ur azpian itoko balitz!
-Zer, alabatxo, jarraituko al dugu ipuinarekin? Ea loak hartu baino lehen dena amaitzen dugun.
-Oso ondo!
Baina halako batean… Baina halako batean…
-Halako batean, zer, ama?
Baina halako batean… -kontakizunari suspensea jartzen saiatu naiz-. Eju! Eju! Eju! Eju! Kaixo printzesa! –Ispilutxoa hizketan hasi zitzaion-, zaharra naiz, baina oraindik bizirik nago. Ulertzen dut zure ezinegona. Eju! Eju! Eju! Gauero-gauero ohera joan aurretik niri begiratzen didazu. Eta badakik zure bi begi horietan tristura handia dagoela. Nire aurrean isuri dituzun malkoekin beste ozeano bat bete daiteke. Baina lasai, nik lagun diezazuket!
-Benetan ispilutxo? Lagundu, mesedez! Lagundu! -erregutu zion Eguzkiñek.
-Begira, niri begira jarraitu eta zure salbatzailea azalduko da. Momentuz, ezin dizut ezer gehiago esan...
Horrela, ispiluari begira jarraitu zuen... Eta halako batean Dragoi Erraldoia azaldu zen. Azaldu eta segituan desagertu zen.
-Ai ama! Jainko maitea! Dragoi Erraldoia! –esan zuen printzesak-. Berak salbatuko nau! –oihu egin zuen pozaren pozez.
Eta berriro, ispilutxoa hizketan hasi zitzaion:
-Kontikan mendian bizi da Dragoi Erraldoia. Banekien egunen batean bere beharra izango zenuela. Gaztelu ondoko lorategiko loreak negarrez hasten direnean, Kontikan mendira joan, eta behin gailurrera igotakoan, hitz magiko hauek esan behar dituzu:
Dragoi boteretsu, Dragoi miragarri,
ahaltsua zaren Dragoi harrigarri,
nire negarra bihurtu dadin irri,
nire bihotzera poztasuna ekarri!
Zuk, printzesa, hitz horiek esan ondoren, Dragoi Erraldoia azalduko zaizu. Gero, desio bat pentsatu behar duzu. Baina zeure barruan esan behar duzu, ez du inork entzun behar. Ondoren, zure desioa bete egingo da.
-Mila esker, ispilutxo! Baina ez alde egin oraindik, mesedez!
Baina ispiluan, berriro ere Eguzkiñe printzesaren aurpegia ikusi zen.
Kontikan munduko mendirik altuena zen. Horrela, gaztelutik kanpora irten eta tximista baino azkarrago, lorategira joan zen gure neska poxpolina. Segituan, loreak negarrez hasi zirela ikusi zuen eta “aitaren batean”, gurasoei ezer esan gabe, Kontikan mendira abiatu zen.
Elurretan, astebete hotzez akabatu beharrean pasa zuen eta oso nekatua zegoenez, jada etsitzen ere hasi zen. Baina, halako batean… Eguzkiñeren lagun eguzkia irtetearekin batera, ortzadarra azaldu zen. Horrela, ortzadarraren gainetik, tipi-tapa, tipi-tapa gailurrera iritsi zen. Han, hitz magikoak esan zituen:
Dragoi boteretsu, Dragoi miragarri,
ahaltsua zaren Dragoi harrigarri,
nire negarra bihurtu dadin irri,
nire bihotzera poztasuna ekarri!
Eta halako batean…
-Nor zara zu! –Dragoi Erraldoia azaldu zen-. Ikaragarria zen! Ahotik sua botatzen zuen!
-Kakakakakakaixo! Dragoi miragarri! Eeeeeeeeeguzkiñe nananaiz! –erantzun zion printzesak oso beldurturik.
-Oso ondo! Eskatu zure desioa, Eguzkiñe!
-Bababale ba! –pixka batean pentsatzen egon ondoren… bere barruan desioa eskatu zuen.
-Oso ondo! Zure desioa bete egingo da! Joan zaitezke! Ni lotara noa! –hori esan ondoren, Dragoia lotara joan zen.
Eta horrela, Eguzkiñeren desioa bete egin zen. Baina… bere desioa nola ez genion entzun, ez dakigu zer eskatu zuen. Hala ere, menditik jaitsitakoan, bertso bat abestu zigun guztioi:
-Entzun alabatxo bertsoa, ea gustatzen zaizun…
Baina Leirek lo hartu du. Nahikoa egin du gaixoak ipuinaren hasieran esna aguantatzerekin. Azken finean, diruarekin ez dela zoriontasuna aurkitzen azaldu nahi nion. Guk ez dugu diru faltarik. Gehiago esango nuke, soberan daukagu. Antonioren eta bion soldatarekin ez dugu diru arazorik. Baina maitasuna falta dugu! Nik behintzat bai. Neu ere momentu honetan ipuinaren magian sartu eta Dragoi Erraldoiari nire desioa eskatu diodala pentsatzen egon naiz. Noski, nire desioa, jakina da zein den… ez dakit abesteko umorerik dudan, baina ipuina itxuraz amaitu nahi dut eta bertsoa abestu egingo diot:
“Hainbeste urte itxaron eta
gaur iritsi da eguna,
orain argitsu ikusten baitut
lehen zegona iluna,
hamaika bitxi ta diamantez
Erregeen erresuma,
nik ez dut inoiz desio izan
holako aberastasuna,
diruarekin ez da aurkitzen
gure zoriontasuna.“
Eta kontakizunarekin amaitu dut:
Eguzkiñe printzesak bertso horretan abestu zuen moduan, “diruarekin ez da aurkitzen gure zoriontasuna”.
Orain, bakoitzak eman diezaiola istorio honi berak nahi duen amaiera, baina ez ahaztu, amaiera horretan Eguzkiñek zoriontsu izan behar duela. Eta zuek, zoriona aurkitu nahi baduzue, zuen bihotzari entzun…
-Ba horixe zen ipuina, maittia! Zuk nahi duzun amaiera eman diezaiokezu ipuinari! Eguzkiñe nahi duzunarekin ezkondu dezakezu…. Zer, gustatu al zaizu ipuina?
Baina alaba lo dago.
Bummm! Bat-batean sarrerako atea kolpe batez irekitzen entzun dut. Ixterakoan atera duen zarata ezin dut hitzekin deskribatu.... Deabrua iritsi da. Hemendik usain dezaket dakarren alkohol kiratsa! Bera ikusi gabe imajina dezaket bere aurpegia, bere eskua nire aurpegiaren gainean, odola, negarra, oihuak... dena imajina dezaket... Eta hau ez da ipuina, hau benetakoa da...
-Besarka nazazu maittia!!!!
Irakurleen iritzia:
(3 iritzi)

