Ir al contenido
Imagen Corporativa de Insomnium
  ERREGEA ITOTA

     Hilabete madarikatutzat bataiatu dute apiril hau. Orain hiru aste herriko kantaririk ospetsuena hil zen. Hil zen edo norbaitek hil zuen. Zaldi gainean paseatzen ari zela erori eta bizkar hezurra hautsi, eta bertan zendu zen. Hasiera batean, heriotza arrunta zirudienak, ondorengo autopsiak erailketa bihurtu zuen. Eta bitxiena zera da, kantariari egindako autopsia ez zela izan horren erakusgarri, zaldiari eginikoa baizik. Zaldiari egindako autopsian pozoia aurkitu zioten sabelean. Eta ez gainera kopuru txikia. Lekuko batek ikusi zuen kantaria zaldi gainean herriko zubitik igarotzen. Zaldia erotuta omen zioan, saltoka, norabidea galduta, itsu... pozoitua zegoen, eta norbaitek eman zion pozoia. Hilketa bat izan zen. A ze balada tristea kantari bati azken agurra emateko.
     Hau gutxi ez eta, orain astebete, gertakari misteriotsu bat izan zen herrialdeko gaztelurik ezagunenean. Hiru gizonezko urkaturik aurkitu zituzten. Soka batekin urkaturik eta gainera, hirurek billarreko bola bana zuten ahoan sartuta. Hirurak gizonezko beltzak, eta bola beltzak ahoan. Inork ez du dudarik hiltzaile arrazistaren ekintzak izan direla guztiak. Ze, kantaria ere beltza zen, eta ez hori bakarrik, musika beltzak herrialdean zuen sinboloa. Urkatutako hiru lagunak, berriz, Sos Racisme elkarteko buruak. Eta kasu honetan hiru bola beltz ahoan sartuta izate hori mezu argia zen: beltzak zirelako hil zituen hiltzaileak, beste arrazoirik gabe. Hori da behintzat poliziak darabilen hipotesia. Zergatik hiltzen zuen, bazekiten beharbada, baina nor zen, ez.   
     Bizitzak, ordea, aurrera darrai, eta xakeko finalak ere bai...  Baina partida hau ere ez da partida soila izango. Gizarteak ez daki nor den promesa hau. Kanpotik aurpegi alaia, sinpatikoa, abegikorra, baina azkenean, zurikerietan dabilen pertsona zuria da. Ez poliziak, ez mafiak, ez herritarrek... inortxok ez daki bera dela bilatzen ari diren hiltzailea. Ez dakite egunkarietako bi titularretako protagonista bera dela. Hiltzaileari, ustekabean aurpegia jarri diotela komunikabideetan. Hori berak bakarrik daki, ordea.
     Baina era berean, hiltzaile honek badaki jende askoren izenean ari dela horrela jokatzen. Gizartearen zati handi bat oraindik arrazista baita, beltzak gorroto baititu eta hauek esklabo ikusi nahi baititu. Gizartearen zati bat gaiztoa baita, hiltzaile arrazistaren hilketa bakoitza jende horrek ere burutzen baitu. Hiltzaile misteriotsua partida jokatzen ari da, eta ingurukoak ez dira konturatzen aurkariari xake mate egiteko erabiltzen duen mugimendua hurrengo krimenaren pista bat izango dela. Ingurukoak oraindik ez dira konturatu jokalari honi pieza beltzekin jokatzea tokatzen zaioenean, jokatzeari uko egiten diola, berak ez dituela inoiz beltzak ordezkatuko. Herritar ezjakinak ez dira ezertaz konturatu. Gizartea oraindik ez da ohartu aurreko partida batean zaldia baliatu zuela aurkariari xake mate egiteko. Ondorengoan gazteluaren laguntzarekin eman zuela azken kolpea. Eta oraindik eta nabarmenagoa, azken partidan berdinketa (tablak) xakeko jokaldi ezagun baten bidez lortu zuela: “erregea itota” jokaldiarekin. Eta oraingoan zein jokaldirekin suntsituko du aurkaria? Zein izango da hurrengo erailketaren zioa? Eta denek diote, ez omen da euli bat akabatzeko ere gai...
     Baina hiltzaile arrazista honek ez ditu bakarrik burutzen erasoak. Atzetik gizartearen zati handi bat du berekin. Arrazista den gizatalde bat. Beltzen aurka etengabe ari diren gizaki bihozgabeak.... Geuk -konturatuta edo gabe-, zuriok, beltzen aurkako gizarte arrazista eraiki dugu. Ze, zergatik hasten dira xakean beti lehenengo zuriak? Ez da kasualitatea, ez noski...    


 

Irakurleen iritzia: (iritzi 1)

Zure iritzia:

123456



cuadro transparente