Ir al contenido
Imagen Corporativa de Insomnium
ERRULETA

Beltz ala gorri.

Bizkor doa, baina ez dio luzaroan eutsiko. Beltzalagorri-beltzalagorri-beltzalagorri- beltzalagorri-beltzalag... Croupier-aren begiak, bi aizto zorrotz, jomuga garbi. Jokalari bakarra kasinoan. Beltzalagorri, beltzala...gorri, beltz...ala...gorri... Pilotaren jauzi gero eta etenagoak mailuka nire garunean. Zirt edo zart egiteko ordua. Odola erraz garbitzen dela gogoratu dut. Errazegi uzten dituela agerian gerizpean ezkutatutako orba(i)nak.

Rien ne va plus.  

Croupier-ak begirada pikaroa bota dit. Erabaki zuzena hartu dudala jakitun, baina ia sinistu ezinik. Hain da tentagarria gorria...

Bukatu dira mailukadak. Beltzak ere badu xarma. Poxpoloaren igurtzi lehorra. Instant bat besterik ez du behar txispa sortzeko. Melodia zirraragarria, gozatua tinpanoetan. Hitzak ez baititu beti haizeak eramaten. Tinta ezabatzea gaitza baita. Eta odola erraz garbitzen da. Errazegi salatzen du.

Zuritik hasi da txispa zabaltzen. Azkar harrapatu du tinta. Beltza beltzaren gainean. Hau ez da hasiera besterik. Laster ez da ezer geratuko. Errautsek, heriotzak bezala, ez dute atzera bueltarik.
Paper erreak gasolinari egin dio tarte nire sudurzuloetan. Hurrengo urratsa. Lurrari atxiki zaion malko bati hurreratu natzaio. Ondoan, goitik behera doan soka-mutur lakarra, aulki zaharraren hanka herrenean kiribilduta. Instant bat, ez besterik. Eta melodia zirraragarria, berriz ere.

Rien ne va plus. 

Ilundu du dagoeneko. Beltzak beltza hartuko du aurki. Alde egiteko ordua da.

Uhinak narama. Urrun, edonora.

Eztandek aurrera segitzen dute bidegurutzeetan, parean inor tokatuta ere.

 

Irakurleen iritzia: (5 iritzi)

Zure iritzia:

123456



cuadro transparente