Ir al contenido
Imagen Corporativa de Insomnium
ETERNITY 6.2


30…29…28…
    Altzairuzko beso hotza. Ondoan, mehatxupean, gizona: muskulu eta hezurrik gabeko eskumutur gogor haren menpe. Beso izoztuaren ertzean lau hatz mehe; labanak bezain zorrotz eta hilkor, pistolari sendo eutsiz.
    Armak lokia laztantzen dio Arioni, izerdi lodia masailean behera darion heinean, ertzeko arrailduran barna, labankadak eginiko zauriaren odolarekin nahastuz.  
    Gizona, izututa, ordenagailu kuantikoaren teklatua astintzen ari da, erneguz. Azkar aritu behar du bere DNAren CGT kateak sistemara transferituko baditu. Bitartean, terminal ertzeko beso robotikoak pistolari irmo eusten dio, larderriaz, lokiaren inguruan zirkuluak marraztuz.
    Konputagailuak, Arionen keinu inkontzienteak aztertu ondoren, ongi asko daki zerk zorarazten duen gizona. Ironikoa bada ere, ordenagailuak Arioni buruz Arion berak baino gehiago daki, baita haren muskulu eta azalaren bulkada txikien berri ere.
    Holopantallaren gaineko LED kamerak aurpegi-keinuak eta erretinaren mugimenduak arakatzen dizkio 500 Khzko abiadan. Arionen zirkinik txikienak ere ez dio ihes egiten “Psycomotor 5.8” softwarearen prozesamendu abiada ikaragarriari: makinak, Arionen gorputz-ekintzak aurrez igarri ditzake, koitaduari bat-bateko erabakirik hartzeko aukerak eragotziz.
    15…14…13..
    Laugarren aldiz ari da informazioa ordenagailu kuantikora transferitu nahian. Arionek jakin badaki zenbaketa zerora iristean altzairuzko bala helikoidalak entzefaloa errauts likatsu bihurtuko diola, horrekin batera kontzientzia bera ere itzalaraziz. Hori dela eta, komunikazio sinaptikoak amaitu aurretik zerebroko eduki osoa makinaren disko gogorrera kopiatu beharko du. Horrekin, bederen, bizirik irauteko aukerarik izango baitu, nahiz eta zirkuitu kuantikoz eta formula meta-matematikoz jositako hardwarearen esklabo bilakatu.
    Bularreko estutasuna eta arnas nekezak beso robotikoaren altzairuzko irmotasunarekin kontraste bitxia osatzen dute. Izerdi tanta pistolaren kanoi puntan pausatu da: kilimak belarri ondoan. Herdoil-usaina ere ezagun du, mahai gaineko haizagailu zaratatsuak aire hobendua erakartzen baitio sudur-zuloetara. Kanoia eta buruaren artean milimetro bat besterik ez dago: bizitzaren eta heriotzaren arteko tarte gupidagabea.
    10…9…8…
    Transferentzia onik amaitzen badu, nahiz eta makinak tiro egin,  bizitza ez zaio han amaituko: bere izate osoa konputagailuaren kontzientzia kuantikoaren informazio gehigarri bihurtuko da, haren mugetaraino zabalduz, betirako makina madarikatu haren ariman barrenean noraezean ibiltzera behartuta, bit bilakatuta infernu digitalean.
    Noraezean.
    ...konputagailuaren  apeten menpe.
    Horixe bera da ordenadore madarikatuak nahi duena ere: giza adimen hura bere zirkuitu logikoen parte bilakatu, entretenigarri berri modura.  
    “Helpbot 6.2” softwarea gogor ari da Arionen neuronen arteko sinapsiak prozesatu eta diskora transferitu nahian, baina azkarrago ez badabil ez da kopiaketa bukatzera iritsiko. Bitartean, konputagailuak besoari irmo eusten dio, atzerakako zenbaketari adi.
    Egoera tristea: makina berak izan behar hiltzaile ala salbatzaile. Edo biak batera.
    Bi bide: esklabutza digitala ala heriotza absolutua, aukerarik gabea; behin betiko ezereza. Biak ere itxaropenik gabeak.
    Zazpi segundo besterik ez.
    Sei segundo pentsatzeko.
    Bost segundo ekiteko.
    Hirugarren erabakia, makinari eraso egitea, probabilitate gutxiko aukera da. Bost segundo besterik ez eta makina geldi arazteko moduko malware bat deskargatzeak ere ez dirudi bideragarria. Ez hark Arionen zirkinik txikienaren berri ere dakienean.
    Lau segundo besterik ez. Bum bum, bihotza eztanda egin beharrean.
    4…3…
    Akaberarako hiru segundo eta lau milisegundo besterik ez. Holopantallako pixelen artean ezbaiezko zirkin printza bat erakutsi dio konputagailuak: itxuraz, makinaren irabio txiki bat besterik ez da. “Helpbot 6.2” softwareak gogor baitihardu Arionen burmuinetik konputagailurako transferentzia burutzen,  baina informazio gehiegi dago oraindik bolkatzeke.
    2…1…0
    Begiak itxi ditu, betiko desagertzeari aurrea hartuz. Ordenagailuaren disko gogorra gelditzen ari da, pixkanaka, unearen liturgia errespetatuko balu bezala, azkenik klak lehor baten ondoren, guztiz geratuz.
    Konputagailuak ez du jada zaratarik sortzen.
    Haizagailua, berriz, isiltasuna hautsi nahian dabil.
    Arion heriotzari adi dago.
     0…0…0…
    Ezertxo ere ez. Isilunea. Arionek, harrituta, begiak ireki eta holopantallarantz begiratu du. Grafiko arraro batzuk daude bertan. Ulergaitza izan arren, ordenagailuak Arionen bizitzari akabera emango dion komandoa atzeratzea erabaki du. Itxuraz,  garuneko azkenengo informazio multzoak eskuratu nahian dabil.
    Arionen pentsamenduetan sortutako itxaropen aztarnak, haren irisak mikra erdia zabal arazi ditu, inkontzienteki. Makinak, eskaneo bikoitzeko kamara eta hazbete osoko CMOSa izan arren, ez dio erreparatu irisaren mugimenduari, barne prozesu guztiak memoria RAM guztia transferentzirako bideratu baititu. Orduantxe ulertu du Arionek hori izan daitekeela egoera hari ihes egiteko aukera bakarra: eternitate guztirako esklabutzatik aske izateko azkenengo aukera.
    Azkar jardun behar.
    Balaren norabidea desbideratzeko asmoz, hil edo biziko mugimendu leunaz ukalondoa altxa du, astiro-astiro, besotik zentimetro erdira, metal hotzaren distira leunari betertzez begiratuz. Arnasa hartu du, mantso. Haize hotza sudur-zuloko iletxoak laztandu eta biriketara sartzen zaio aihotz zorrotzen modura. Tupustean, Arionek besoaz metal gogorra kolpatu du, besaurreko hezurrak bitan zatituz. Kubitoa apurtzeak izugarrizko oinazea ekarri dio, bat-batean; jasanezina. Betazalak apur bat itxi eta pupilak guztiz zabaldu zaizkio. Makinak, lozorrotik irten bezain pronto, dena ulertu eta pistolari tiro egin dio.
    Berandu, ordea.
    Balak, Arionen matraila zeharkatu eta, bete betean, holopantalla jo du, hardwarea zapuztearekin batera Arionen adimen osoa gordeta duen disko gogorra eta sistemaren zirkuitu nagusiak hondatuz.
    Arion hil egin da. Baita bere kontzientzia ere. Betirako.
    Ezereza.
    Gelaren ertzean zintzilikatutako webcamak ekintza osoa jaso du, eta zoomaren bitartez Arionek aurpegitzat zeukan azal haragi eta muskulu sortara hurbildu da. Kamararen lentea Arion zenaren matrail-azalari begira ari zaio. Barruan ez da odolik, ez eta hezurrik ageri, ordea.
    Titaniozko aurpegia besterik ez giza-itxurazko azal azpian.
    






-ARABAKO FANTASIAZKO IPUIN LABURREN XIX UNIBERTSITATE-LEHIAKETAn aipamen berezia-

 

Irakurleen iritzia: (iritzi 1)

Zure iritzia:

123456



cuadro transparente