Ir al contenido
Imagen Corporativa de Insomnium
FRANK LLOYD WRIGTH-EN EZBEHARRA

     Unibertsitatean arkitektura ikasten ari nintzela gertatu zitzaidala oroitzen dut.
     Udazkena izango zen. Eskolako tailerretan geundela dut gogoan, marrazketa mahaiez gaindi diren gela erraldoi horietako batean. Kurtso hasera zelako-edo, hiruzpalau pertsona besterik ez geunden tailerrean eta, kasualitatez, gutxi haien artean Diego eta biok. Diego klasekidea nuen, mutil azkarra, ausarta, eta garai hartan izugarri erakartzen ninduena. Horrekin esan nahi dudana da, lagun jantzi eta inteligentetzat nuela, bai, baina hortaz gain bere begiradak bazuela sexu-gogoa pizten zidan zerbait. Zela bere begirada, zirela beso sendo haiek, alkandora azpitik soma zitezkeen giharreak, edo auskalo!, ez nuke zehatz esaten jakingo; baina bazen zerbait nire barnean taupa egin eta irudimena martxan jartzen zuena.
     - Wright-ek Taliesin utzi eta handik gutxira gertatu zen...-  bota zidan, marrazten ari zena neurtzeko eskalimetroa nire mahaitik hartuz.
     -... Nola?- krokis artean nenbilen eta momentuan ez nuen buruan zerabilena ulertu.
     - Zera, … klasean aipatu duten ezbehar hura.
     Jakina, Frank Lloyd Wright-i buruz ari zen. Arkitektoaren monografikoa egin berri ziguten klasean eta bere bizitzako pasarte ilunen bat ere aipatu, gainetik, gehiegi sakondu gabe. Horren ordez, Taliesin etxearen diseinua eta eraikuntza zehatz deskribatzeari ekin zion irakasleak, morboa sor lezaketen azalpenak saihestuz.
     - Wright eta Mamah Borthwick 1911ko eguberritan joan ziren Taliesin-era bizitzera- Jarraitu zuen Diego-k rotring-arekin hainbat marra zuzen trazatzen zituen bitartean -, baina ezbeharra ez zen 1914ko abuztuaren 15arte gertatu - ihardetsi zuen zurrun, arnasa eta tinta eutsiaz. Bapatean begirada urrunera altxa zuela oroitzen dut eta perfilez ikusi nuela Diegoren aurpegiera leihoaren kontra. Orduan, zurrunbilo antzeko bat sumatu nuen neure barnean, odol korronte batek behatzetatik sabelalderainoko bideak ezustean zeharkatu izan balizkit bezala. Diegok erakartzen ninduen, bai; baina sentsazio hura ezezaguna zen niretzat. Irrika baino zerbait gehiago sentitzen nuela esango nuke.
     - Wright Chicagora joana zen Midway Gardens proiektua amaitzera … -eta hemen, marrazteko tresnak alboratu eta arnasa sakon hartu zuen-; … Julian Carlton zerbitzariak eraikinari su eman eta hura kiskali ahala, zazpi pertsona aizkoraz hil zituenean.
     Esaldiak tailerreko hormen kontra talka egin zuen isiltasuna bitan zatituz, aizkora batek haragia bortitz zati dezakeen bezala. Blaust. Diegok eskua hartu zidan, bere bular sendoen artera estutu eta ordurako, izuak dar-darka nengoela oroitzen dut. Eta halere, izua, ikara; bazela zerbait gustoko nuena.
     -Zazpi hildakoak …–jarraitu zuen eta segidan izenak zerrendatu zizkidan mantso, bakoitzean nire eskua bularrean beherago eramanaz- Mamah; haren bi haurrak John eta Martha... ; Thomas Brunker... ; Emil Brodelle... ; David Lindblon eta Ernest, - arnasa sakon hartu zuen berriz- William Weston arotzaren semea.
     Jada bakoitzaren eskuak bestearen gorputza lotzen zuten, isil, irmo; zirrara definigaitz hark bultzatuta. Sumatzen nizkion saihetsak, sabela, izterrak; bihotz taupadak ia neureak balira bezala.
     - Bi pertsona besterik ez ziren bizirik atera; William Weston eta Herb Fritz – begiratu ninduen zuzen begietara, hatz erakusleaz nire ezpainak laztanduz -. Weston-ek sua itzaltzen laguntzeko kemena izan zuen, etxearen atze hegala erabat kiskalduta gelditu arte- muin eman zidan lepoan; luze, bero.
     - Carlton, - jarraitu zuen ezpainak nire lepoazal eta eztarri aurrera bideratuz- sarraskia burutu zuen negro-a, bizirik irten arren, presondegian hil zen sei bat aste beranduago; bere buruaz beste egin ote zuen-edo - nik ere muin, heze.
     Alkandoraren lehen botoia askatu zidan orduan Diegok, kolpez. Nik ez nion keinua ukatu.
     - Bere emaztea, Gertrude -jarraitu zuen behera- , bizirik irten zen zimentuetan barrena ihes eginda –gerria oratu nion, eskuak zirritura gerturatu, geldiezinean..- Hilketaren auzian, Gertrude-k ukatu egin zuen senarraren asmoen berri izan izana.
     - Eta nola hil zituela diozu?- nik; gerrikoa askatu eta behatzekin behera, zirrara topatzeraino. Irmo, sendo, luze.
     - Aizkoraz… .
     Hitzak tailerreko hormen kontra talka egin zuen isiltasuna bitan zatituz. Bortitz. Blaust. Lauzpabost segundu behar izan nituen errekuperatzeko; sumatu nuena ulertzeko.
     - Bai kolpe handia… - esan nion handik dardaretara;  txundituta, ikaraka, mirestuta kasik. Aurkikuntza sinistu ezinik; zer esan ez nekiela.
     - Hura ezbeharra bai… .

     Gero, bakoitzak bere etxerako bidea egin zuela oroitzen dut; udazkenaren ertzak urratuz, irudimenaren ildoak azken muturreraino luzatu arte.

 

Irakurleen iritzia: (iritzi 1)

Zure iritzia:

123456



cuadro transparente