Ir al contenido
Imagen Corporativa de Insomnium
GELATINA ETA KONPOTA

     Gizon batek labanaz mehatxatu nau.
     Ez dut pentsatzeko astirik hartu. Bi eskuekin zintzurretik heldu eta paretaren kontra erantsi dut. Labana erori zaio, eskuetatik indarge. Ez dirudi non dagoen dakienik. Irribarre tentela dauka ezpainetan. Niri berdin zait. Eskuin hatzaparrarekin lepo-hezurretik heldu eta portaleko atearen kontra lehertu diot burua. Kraskateko ozen bat entzun dut. Ez nago ziur kristala pitzatzean ala sudurra garezurrean sartzean izan ote den. Agian biak batean. Nik burua kristalaren kontra txikitzen jarraitu dut muinek eta odolak zipriztintzen ninduten bitartean. Masa likatsu bat geratu zaidan arte.
     Minutu luzez egon naiz eskuei begira. Hezur eta kristal puskek osatzen dituzten irudiei begira. Odola nola lehortzen den begira. Txikitan gelatina jaten nuen egunak etorri zaizkit gogora. Platera ere halaxe geratu ohi zen: zuku arrosa eta zatitxo gorrixkaz. Platera aho parera eraman eta zukua irensten nuen, amari graziarik egiten ez ziola jakin arren. Irribarre egin dut. Gizonak bezala.
     Sirena hotsa entzuten hasi naiz. Hasieran urrun, baina gerturatzen ari da. Burua jaso dudanerako bi ertzain dauzkat parean. Zerbait esan didate, baina ez dut ulertu. Eskuetan daukadana ikusitakoan bat gonbitoka hasi da pistola lurrera botata. Gabon gauean amonaren etxean izaten genuen konpotaz akordatu naiz. Kontraste polita, konpota eta gelatina. Beste ertzainari bitsak ihes egiten dio oihuka ari dela. Euskaraz. Detaile kuriosoa. Grazia egin dit. Barrezka hasi naiz. Zutitzeko esaten ari zaidalakoan nago, baina horretantxe hasi naizenean odol putzuarekin laprast egin dut. Danba lurrera. Ukalondoa bizkarraren azpian geratu zait. Kraska.
     Algaraka eta aztarrika hasi naiz lurrean etzanda. Belaunikatu eta poliki-poliki zutitzea lortu dut, oreka mantenduz. Ez daukat minik. Parean daukadan ertzaina oraindik oka ari da, botatzeko ezer askorik geratzen ez zaion arren. Berarengana noa bestea hoska ari zaidan bitartean. Ez naiz gelditu.
     Dunbotsa. Belarrian berotasuna. Eskua hara eraman dut, baina zulo umel odoltsua besterik ez dago. Eta pusketa bat zintzilik. Tira eta lurrera bota dut. Aurrera jarraitu eta ostikoa eman diot masailezurrean. Hortzak airean atera dira. Bigarren dunbotsa. Berriz ere lurrean. Ez dakit zergatik. Burua biratu eta ondoan ertzaina daukadala ikusi dut, konpota putzuan eserita. Txikitutako ahoan irribarre zabal odoldua dauka. Pistola hartu eta kideari tiro egin dio. Hau ere lurrera erori da. Eskuak sabelera eraman ditu. Begiratu eta irribarre egin dit.
     Eta nik itzuli egin diot.

 

Irakurleen iritzia: (7 iritzi)

Zure iritzia:

123456



cuadro transparente