Ir al contenido
Imagen Corporativa de Insomnium

         HARRAPARIA    

         Bederen non nagoen jakingo banu. Tinta txuriz idatzitako liburu zentzugabe baten itxura du nire burmuinak. Hutsa, aldrebesa, esanahirik gabea. Egun garena iraganeko oroitzapen guztien emaitza besterik ez omen da. Ez dut, ordea, ezer oroitzen. Beraz, ez al naiz ezer? Begiak ireki berri ditudan arren iluntasun larri batean murgilduta nago. Iluntasun isil eta bortitz batean. Gero eta handiagoa eta astunagoa egiten zaidan piztia beltz ikaragarria. Orain bai! Oraintxe bertan oroitzapen xume bat datorkit burura. Maria dut izena. Besterik ez.
         Isiltasun zaratatsu batek inguratzen nau. Beldurra eragiten dit isiltasun erraldoi honek, ezinegona. Bihotz taupadek saihetsak eztanda araziko didatela dirudi. Ez dut, baino, ezer entzuten. Ez ikusi, ez entzun. Non arraio nago? Nola iritsi naiz hona? Eta nor naiz? Ez daukat nire gorputzaren kontzientziarik. Unibertso ilun batean erdian nago noraezean. Izoztutako errepide hotzean labaintzen ari den autobus galduaren moduan. Infernu biderako tiketa saldu berri didan ditxosozko autobus beltza.
         Bat-batean, ezusteko oroitzapen izpi batek mugitu dizkit barrunbeak. Gorroto eta odolaren kiratsa darion laban garratza, bortitza. Herioaren tresna gupidagabea. Erraietan gaitza daramanak bakarrik maisutasunez erabiltzen dakien metal zorrotza. Saihesbiderik gabeko kale gorrietan iparra galduta, higuinik gabeko proxeneta apetatsu baten menpe, arduragabekeriazko izerdi-kiratsaren biktima errugabe. Maitasunik gabeko maitasuna arkakusozko ohe zikinetan saltzera behartua, heriotzaren ahots eztiak hitzak belarrietan xuxurlatzen dituen bitartean.
Gorputz-adarren bat moztuta duenak tarteka sentitu egiten omen du. Oraintxe bertan nire ezkerreko eskua nabaritzen hasi naiz. Bitxia da benetan gorputzik ere ez dudala sentitu arren eskuan zerbait beroa sumatzea. Tinko eutsitako labana bezain busti eta bero. Tristeziak eragindako su leuna. Odol kolore eta zapore mingotsezko garra. Batzuetan gazia bestetan gozoa, baina behintzat norarik gabeko pentsatze hutsetik pixka-bat aldentzen laguntzen didana.
Hilda egongo ote naiz? Hau al da lurrazpian egotea? Iluntasuna handitzen doala sentitzen ari naiz. Gaua handitzen ari da, eta ni berarekin. Oroitzapen arrasto batek eraginda bi argi ikusten ditut urrutian. Ezpainak etsipenezko kolorez estalita dituzten emakumez osaturiko ilaran nagoela argiekin datorren hots ezaguna datorkit.     Kotxe urdin ilun bat. Niregana dator, pixkanaka gerturatzen den piztia basatia. Lurrundutako kristalak beherantz egiten du. Grinak betetzeko larritasuna duenarentzat astiroegi, misterioz. Besteentzat azkarregi, nagitsu.
         Kristalak behera egiten duen neurrian bihotz taupadak azkartzen ari zaizkit. Bum bum, bum bum. Saihetsak eztanda egin beharrean ditut. Zerbait mingarria ikusiko dudanaren beldur naiz. Isiltasunak guztia inguratu du, laino ilun batek bezala. Denbora bera ere mantsotu egin da. Bizkarrean begi batzuk gainean ditudala sumatzen dut. Norbait begira daukat atzean. Txulo harrapariak susmo txarra hartu dio kotxeari eta artega dabil, batera eta bestera so. Kotxeko leihoak behera egin duenean gizonaren begiak agerian gelditu dira.
         - Maria.
           Begiak ikustearekin batera bihotzak zintzurretik gora joan nahi duela senti dezaket. Malkoak begietara irten nahi duten arren ezinezkoa zaie. Gizonaren begi urduri zein aztoratuek sinestezin aurpegi zorrotzez begiratzen naute. Harrituta, urduri, lotsatuta, noraezean. Zer esanik gabe.
         - Aita
         Harrapakariak zelatan jarraitzen du. Isilik. Bizkarreko begiekin ikusten dut, bere hatsa ia senti dezaket. Arriskuan dagoen animaliaren hasperen etsia, adrenalinaren usaina dariona.
Zelataria ez dago prest ehizakia aske uzteko. Handiegia da gertatuko ote zaionaren beldurra. Dagoeneko kotxera erdi sartzea egin dudanean bizkar erdian min izugarria sentitzen dut. Zorrotza, beroa. Betiko gauzak aldatuko direla jakinarazten dizuten horietakoa. Bueltarik ez duena. Labanez egindako mugimendu azkar batez bizkar hezurra zatitu dit. Piii handi bat egingo da aitaren ahotsaren jabe. Bere ezpainetan zerbait esaten ari dela dirudien arren ez dut deus entzuten. Barkatu esaten ari ote denaren susmoa daukat. Aitaren harridura eta lotsazko begirada izango da begiek ikusiko duten azkenengo irudia. Eta gero...beltza.
         Hilda ote nago? Ilunpeko kartzela hau gero eta handiagoa egiten ari zait. Beste izpi bat. Ez. Ez nago lur-azpian. Bizirik nago. Orain badakit. Noraezean eta iluntasunean bizi izan ditudan azken 15 urte hauetan hementxe egon naiz, etzanda. Isilik. Galduta. Badator berriro ere ezkerreko eskuko goxotasun leuna. Egunsentiarekin batera etortzen zaidan haize bolada. Egunero 8 orduz malkoz bustitako amaren eskuineko eskua. Han egon da beti eta bertan jarraitzen du.     Itxaropentsu.


 

Irakurleen iritzia: (iritzi 1)

Zure iritzia:

123456



cuadro transparente