Aterki gorri bakarra ikusten da kale ilunean zehar. Eta takoi hots amaigabeen oihartzunak. Poltsa baten mugimendua. Urduri dago, eta ezpainek dar-dar egiten diote nire albora gerturatzen denean, orduaz galdezka. Bere perfumearen armoniak irensten nau segundo batez. Hamaikak eta erdi. Irribarre egin didala iruditu zait, baina badakit bere ahoa ez dela mugitu. Konturatzeke aldapan behera desagertzen da odol koloreko aterkia. Ez dakit zergatik etorri zaidan odola pentsamendura. Zergatik ez tomateak, loreak. Ez diot garrantzirik ematen gau horretan bertan tabernatik ateratzerakoan autobus geltokian berriro aurkitzen dudan arte. Keinu txiki bat egiten dit, eta berehala konturatzen naiz bere ezpainetan nabari den kolorea ez dela ezpainetako berri garesti horietako bat, odol distiratsua baizik. Zer gertatu zaizu. Ezer ez. Odoletan dauzkazu ezpainak. Badakit. Zapi bat nahi al duzu. Ez, eskerrik asko. Begira geratzen naiz minutu pare batez, eta bere begietan ez dut malko urrunen oihartzuna aurkitzen. Orduan, bat-batean, dena ulertzen dut.
Autobusa berandu datorrela esaten diot, elkarrizketa bat hasi nahian. Urduritzen nagoela nabaritzen dut. Ez nago autobusari itxaroten. Ah. Ez naiz ausartzen galdera gehiago egiten. Nora zoaz. Nor zara. Badakit zer zaren, badakit arriskutsua zarela, baina zergatik ez dit axola? Zergatik zara hain ederra…? Autobusa heltzen denean azken begirada bat botatzen diot, eta bion begiradak elkartzerakoan bukaerarik ez duen amildegi batean iraultzen naizela iruditzen zait. Gelditu zaitez nirekin, mesedez. Autobus gidariak oihu egiten dit, baina ez naiz tokitik mugitzen. Ez naiz atrebitzen. Aldapan behera desagertzen da segundo pare baten ostean. Aterki gorridun emakumeak eskumuturretik sentsualki heldu eta kalezulo batetara bideratzen nau. Pausu bakoitzarekin batera bihotz taupadak bizkortzen zaizkit, baina beldurrak ez nau bere gatibu egiten. Aterkiari begiratzen diot, nire odolaren kolorea hain ederra izango oten den jakin nahian. Heriotzak ez nau beldurtzen. Ederregia da.
Pareta zikinaren aurka bultzatzen nau, eta bere hortzak sentitzen ditut nire lepoan, eztenkada indartsu baten antzera. Arnasa hartu eta amaieraren zai geratzen naiz, euriak aurpegia bustitzen didan bitartean. Ironikoa dirudi, baina inoiz ez naiz hain bizirik sentitu. Albo batetara jaurtiki duen aterkiari so geratzen naiz berriro ere, eta malko bakan bat masailetik behera sentitzen dudan heinean, ingurunea iluntzen hasten da. Urrunean, bere ahots eztia entzuten dudala iruditzen zait, barkamen eske. Eta azken irribarre bat eskaintzen diot ekaitz gauari.

Irakurleen iritzia:
(3 iritzi)

