Ir al contenido
Imagen Corporativa de Insomnium
M FAKTOREA

     Hau, akaso, ez zaizue irudituko beldurrezko istorio bat, baina munduan ikarak forma asko ditu. Benetan.

   Guztia hasi zen mutil batzuk oso guapoak direlako. Eta hori ez da nire errua. Nire errua izango da, ziurrenik, begiak joaten zaizkidala mutil guapoengana. Eta zer? Esango duzue. Osasuntsua da, gaineratuko du besteren batek. Gaizki. Nire ustez oso arriskutsua da. Oso. Kirola gustukoa izanez gero, kontuz! Eta gainera gauza arraroak pentsatu eta burutazio ero horiek gauzatzeko gai garela sinesten badugu... akabo! Amaitu dira zure bake egunak. Nireak behintzat halaxe amaitu ziren.

     Hiru faktore horiek nire bizitzan bat egin zuten triatloiaren munduan murgildu nintzenean eta guztia hankaz gora gelditu zen. Baita ni neu ere.

     Itsasoa egun hartan bare antzera zegoen. Baga zain geneukan, ordea. Itsasoratu orduko ohartu nintzen handik ez nintzela onik aterako. “Baina ni ez naiz olatu ziztrin batekin kikilduko”, pentsatu nuen, “eta inork ez badu atzera egiten, nik ere ez. Gainera mutil guapo hori begira dago...”

     Gaizki. Horrela oro urrutira ez nintzela iritsiko argi zegoen baina ohartu nintzenerako erremediorik ez zegoen. Igerian hasi eta bakarrik gelditu nintzen. Itsasoa hain da zabala... eta beltza, gauaren iluna baino beltzagoa, batez ere burua urpean duzunean eta begiak irekitzean itsasoaren handitasun beldurgarria ikusten duzunean.

     Gauza txikietan pentsatzen duzu, egoerari aurre egiteko. Zenbat ur ote dago gure inguruan? Hiru mila milioi-trilioi litro? Beraz, zer axola dio litro pare bat gorputzean sartzen bazaizkizu, erdia ahotik eta beste erdia sudurretik? Inor ez da ohartuko. Ezta zu ere lurrera iristen zaren arte. Eta lurrera iristen zarenean... jendea ikusten duzu oihuka, eskuak mugitzen entzuten dituzu, bizkarrean animoak ematen usaintzen dituzu... eta ahaztu egiten zaizu ur gaziak kalte egiten diola burmuinari. Irudipenak besterik ez ote dira izan?

     Kitto. “Hemendik ez naiz mugituko”, esaten dio zure buruak zure gorputzari, “nahikoa egin dut” pentsatzen duzu, baina M faktorearen bakterioa buruan sartzen denean ezin da jakin noiz amaituko den zorakeria, bihotzak ez baitio inolako jaramonik egiten zentzuari eta hantxe ikusten dituzu zure hankak bizikleta gainean, ipurdia airean eta kaskoa buruan. “Baina nora noa?” Beranduegi da. Dagoeneko errepidean zaude. Oinak pedaletan itsatsita dituzu, begiak aurrera begira eta urruti-urrutian aldapatxo bat ikusten duzu. Ez da ezer izango. Gaizki.

     Ari zara poliki-poliki iristen aldaparen magalera eta ezin duzu sinetsi urrutian ikusi duzun aldapatxo huraxe bera dela orain aurrean duzun mendi puska hori. Ez da posible! Zer egin dut nik hau merezi izateko? Haizeak ere zurekin egon nahi du eta boterea berea dela erakusten dizu. Bai, noski. Eta zuk, zure kasa, inoren laguntzarik gabe, borroka egitea batzuetan  onuragarria dela ikasten duzu. Indar guztia erabilita ere galtzea zer den ikusten duzu. Errenditu nahi duzu baina... hortxe dago berriz ere mutil guapoa. Segi aurrera!!!!! Zuk zeuk ere ezin duzu sinetsi. Oraindik hemen al nago? Eta halako batean, helmuga ikusten duzu. Amaitu da. Gehiago ez. Baina ordurako erdi hilda zaude. Eta ez dakizu. Uste duzu amaitu dela sufrikarioa, haizeak izerdia lehortu dizulako eta dagoeneko aldaparik ez dagoelako. Aldapak, ordea, ezkutatu egin dira begi lausotuen tartean.

     Korrika hasten zarenean konturatzen zara beste mundu batzuk ere badaudela hemen bertan eta zu une horretan infernuko zuloaren atarian zaudela. Ihesteko modu bakarra dago: zoaz korrika!!! Eta abiatu zara: nola ez dakizu, nora ere ez. Baina horrelakoxea da ikararen mundua, noraezean zoaz, nola moldatuko zaren jakin gabe. Eta jendartean, zirrikitu batetik begira mutil guapo hori ikusten duzu. Adios! Zuzendu burua, atera bularra, astindu hankak airean eta itxuroso egin korrika, faborez. Inork ez dezala jakin hilda zaudenik, zuk nahikoa badakizu.

    Kalbario-bideak ere amaiera izan zuela gogoratzen zara. Urrutian helmugaren antzeko zerbait ikusten duzu, iristen ari zara, jende mordoa dago, amaitu daaaaaaa... Halako batean ikusten duzu zugana datorrela mutil guapo hori (orain inoiz baino guapoago dago, enejesus!) eta begi lausotuak igurzten dituzu, “ezin dut sinetsi, hau ez da egia, gurutze-bide hau egiteak badu bere saria, merezi dudana jasoko ote dut” pentsatzen ari zarela hegan sentitzen dituzu hankak.

     Eta benetan hegan zaude, zerurantz, iritsi baino lehen bihotzekoak eman dizulako.

    Lasai, ia inor ez da konturatu, zuri begira zegoen mutil guapo hori ere ez zetorrelako zuregana, zure aurretik sartu denari besarkada eman dio zuk infernuko zulotik zeruko ateraino egiten pasa dituzun bi segundo horiek tik-tak egin baino lehenago.

__________

 

Irakurleen iritzia: (2 iritzi)

Zure iritzia:

123456



cuadro transparente