Sarajevo, 1994ko Otsailak 5
Maitea,
Zure bihotza nire egin nahi izan dut betidanik. Ondo asko dakizu, baina ezinezko amodioak poeten aitzaki omen dira; gu bion artekoa lekuko. Urteek itxaropena lausotu eta uxatu ahala horixe bilakatu naiz: poeta. Sortzen ditudan maisulanak gizon-emakume xaloen bihotz eta garunei itsasten dizkiet, metalezko harri-koskorren modura.
Beti izan ninduzun zakur fidel gisara zure baitan, zure usainera, zure joan etorrien peskiza eroan, nahiz eta zure ezpainetan niretzat ahotsik ernaldu ez, nirekiko zer esanik, zer eginik ez zenuenez; alboratu egiten ninduzun.
Betaurrekoak lurrundu egin zitzaizkidan begiko suak eraginda, gau euritsu hartan, beste hark gerritik heldu eta, ahopeka, zure etxeko ezkaratz barnera eraman zintuenean, likiskeriaren mesederako. Oihu egin nuen, marmar batean. Oihartzunik gabeko oihu antzu hark ez zuen airerik urratu, ordea.
Entzun nahi ez zenituenak adituko dizkidazu aurki.
Zu aurrez aurre noiz izango zain nago, ezin izango baitiozu nire poesiari uko egin oraingoan.
Oraingoan ez, maitea.
Zain izango nauzu. Tinko. Gau eta egun. Zakur leialak hildako jabearen zerraldo ondoan dirauen moduan, lur azpiko gorpua noiz zutitu zain. Irmo.
Kale esturen batetik irteten ikusten zaitudanean, soinekoa dantzan, inguruko begiraden erdigune bilakatuta, ihes egiteko betarik ez duzu izango. Eta neure egingo zaitut. Oraingoan bai. Betirako.
* * *
Garun-zipriztinak zementu eta lurrarekin nahastu dira, gris eta marroi kolorezko bolatxo likatsuetan bilduz. Humoretsu dago fusilaren bestaldean hara eta hona tiro egiten ari den frankotiratzaile koldarra. Etxeko leihoek ez daukate jada kristalik: gerrako lehenengo bonbardaketa bihozgabe hark apurtu zituen denak, bertako bizilagunen bihotzekin batera.
Leiho ertzean zain dago piztia, mira teleskopikodun fusila sorbalda gainean pausatuta, izerdia kopetatik behera lausotuz doakiola. Harrapakinaren zain. Bala isil hilkorrarekin haizea hebaintzeko prest. Zorroan, munizioa, ura, txokolate zatia eta Walkmana daramatza. Barruan horrenbeste hunkitzen duen “Haendel´s Messia” kasetea. Beti maite izan du Haendelen musikaren anparoan ehizatzea. Gerra aurretik oilagorrak eta usapalak akabatzen zituen modu berean akabatzen ditu orain haurrak eta emakumeak. Beti bueltatzen da etxera irribarretsu, heroi bilakatuta, emazteari eta semetxoari musu bana eman masail ondoan eta on plantak eginez.
Euria ari du. Motel baina gelditu gabe. Hiltzaileak mutil koskor bat dakusa ehun bat metrora. Fusilaren kanoia buruari begira ari zaio zuzen-zuzen. Kolpekariari oraintxe sakatuko balio haurraren buruak eztanda egingo luke, mukizu koitaduari zirkinik ere egiteko denborarik eman gabe. Baina hego haizeak usain ezaguna dakarkio.
Uso pasa.
Begiak itxi, burua altza eta astiro hartu du arnasa.
Emakume usaina sumatzearekin mira teleskopikoa batera eta bestera mugitu du harrapariaren bila.
– Azkenean bazatoz habiara, usapaltxo –irribarre egin du bere baitarako, hain iruditu zaio zozoa pentsatutakoa.
Arriskua usaindu ere egin gabe, badator ametsetako emakumea, kaleko harri-koskorrak kontu handiz zapalduz. Azkenean iritsi da hainbeste itxarondako unea. Hiltzailea artega baina irribarretsu dago, bestea noiz hurbildu zain. Baina ezustean, emakumeak bihurgune bat hartu eta beste kale baterantz abiatzea egin du.
Ezinezkoa!
Hain luzaroan zain egon ondoren jasanezina zaio. Zerbait egin behar du. Azkar. Emakumeak ez du handik ihes egin behar! Behatza pentsamendua bera baino bizkorrago doakionez, mutil koskorraren oinetara destatu eta sorbaldan izugarrizko kolpea jaso du, M-76 fusilaren metro erdiko kanoitik haizea larrutzen duen balak eragindako atzerapen trinkoaren ondorioz. Ez du zirkinik ere egin ordea, ohituta baitago horrelako astinduetara.
Bortitza izan da tiroa, eta are gogorragoa haurrarentzat, belaunezurra txiki-txiki eginda lurrera erori baita, gizajoa. Emakumeak, tiroaren hotsa entzun eta haurra erortzen ikusi ahala, korrika batean, hurbiltzeari ekin dio, “Sniper Avenue”, Sarajevoko infernurik arriskutsuenean barrena. Horixe da hain zuzen borrero gupidagabearen nahia. Amuari kosk eginez, “Pazi Snajper” dioen kartelari erreparatu gabe, badator korrika usoa, harrapakariak fusilaren hurrengo bala berarentzat prest daukala jakin gabe.
Isilpeko ehiztaria irribarretsu dago bi animaliatxoei begira. Ama-kumeak dirudite. Emakumea ernegatuta dabil haurrari lagundu nahian, artega eta itxaropena galduta. Odolusten ari da mutikoa. Emakumeak lehen bai-lehen handik irten beharra dauka hurrengo tiroa etorri aurretik. Datorren bala hura beretzat dela pentsatzeko denborarik ere ez du izan. Haurrari sorbaldatik heldu eta kale erditik atera nahian dabil. Astiro egin behar du, ordea, gorputza mugitzeak haurrari izugarrizko oinazea eragiten baitio.
Frankotiratzailea lasai ari da une gozo hura dastatzen, inoiz ez bezala. Ametsetan pentsa zezakeena baino are samurragoa eta ederragoa egin zaio egoera.
Haendelen “Messia”ren pasajerik politena txistukatzen ari da, ikuskizunaz gozatuz:
“Rejoice greatly, O daughter of Zion!
Shout in triumph,
O daughter of Jerusalem! ”
Iritsi da hainbeste itxarondako unea; emakumea bere egiteko garaia. Antzina desiratutako gorputzaren hondamena dastatu, beherakadaren lekuko izan, eta betirako gogoan gordetzeko tenorea. Betirako nahi adina aldiz gozatzeko moduko opari ezkutu gisara.
Kanta amaitu da. Zigarroa zurrupatu eta miratik begiratzean, han jarraitzen dute biak; emakumea sorbaldatik tira nahian eta haurra garrasi batean galduta. Ongi apuntatu du. Aukera bakarra dauka. Emakumea konturatu da balen isiltasun hark ezin duela gehiegi iraun eta oldarkor dabil, gora begira laster batean etorriko zaion balaren zain, umeari tiraka. Frankotiratzaileak birikak zigarroaren keaz bete, hasperen egin eta tiro egin du. Gupidarik gabe. Emakumeak, intuizioz edo, leihorantz begiratzeko keinua egin du, burua jiratuz. Haize bolada bizia sentitu du lepatzean. Balak sorbaldaraino iristen zaion hile mototsa erdi-erditik zeharkatu dio. Garondoan bero goxoa nabari du, erre usainarekin nahastuta. Ile-artetik kea dario, mina ere bai, kaskezur-azalari sendo errotuta zeuden ileak sustraitik erausi baitizkio balak. Baina onik dago. Haurrak negarrez jarraitzen du. Emakumeak, amorruz eta etsipenez, haurraren belaunari erreparatu gabe, sorbaldara jaso eta korrika hasi da, hil edo biziko lasterketa izango dela ongi baitaki.
Frankotiratzaileak ezin du sinetsi ikusten ari dena. Bere azkenengo aukera fusilaren mira aurrean ihes egiten ari zaio.
– Puta zaharra!
Emakumearen abiada ikusita, ez du izango beste tiroa egiteko adina denbora. Zerbait egin beharra dauka. Azkar.
Emakumeari bularra estaltzen dion alkandora zuria gorritzen ari zaio. Frankotiratzailea txundituta dago, haurraren belaunetik darion odolak emakumeari titiburuak nola estaltzen dizkion begira. Odolaren forma borobilean galduta, mugitzeko ere gauza ez dela.
Hiltzailea lo bezala dago. Zintak, bukatzean egindako “klak” lehorrak esna arazi du. Dagoeneko ez da emakumerik kalean. Ez eta haurrik ere. Funtzioa bukatu da. Argiak piztu dira eta bakoitzari etxera bueltatzeko garaia iritsi zaio. Sofan eserita lo hartu du berriro ere, gomutetan galduta, buruan kaskoak zintzilik, beti hain maite izan duen “Messia” entzuten. Zigarro hautsak alfonbran.
Sukaldera gerturatu da garagardo bila, zintzurra bihotza bezain lehorra baitauka.
Lehor dago ere hozkailuan garagardo botilari so dagoen emakumearen burua: hotz eta lehor, garai bateko irribarre xarmangarria aspaldian galduta.
Garagardoa esku artean hartu eta musukatu egin du, egunero bezala.
– Maitea.
Irakurleen iritzia:
(iritzi 1)

