Ir al contenido
Imagen Corporativa de Insomnium

PROKOFIEV PLANA


Len Vogase kimika irakasleak hogeita hamahiru ordu egin ditu etxe honetan. Ez daki etxea norena den. Sabaiak normalean baino askozaz altuagoak dira eta egur asko dauka hormetan eta zoruan. Lehenengo solairua da, betiko moduan. Balkoia ere egokia da: kristal gutxi eta landarerik ez.

Lehenengo orduetan kontserba batzuk jan ditu. Sukalde eta komunetako iturrietan ez dago urik. Likore batzuk baino ez ditu aurkitu. Ez du ezer edan. Jatekoa irensteko arazoak izan ditu, baina ez dauka beste erremediorik.

Kontserbak ere sofistikatuak dira, likoreak bezala. Iruditu zaio kontserba gehiegi jan duela. Sabela ez dauka orain hilabete batzuk bezala. Oka egin du.

Lehenengo orduetan ez du lorik egin nahi izan.Etxeko diskoei begira egon da. Liburu pare bat hartu du. Leihorik gabeko gela batean sartu da. Ez du argirik piztu: atea apur bat zabaldu eta egongelako leihotik datorren argiarekin irakurtzen ahalegindu da. Ez da komeni leiho guztietako pertsianak jaistea. Ez da komeni argi artifizialik piztea. Kanpotik oso erraz ikusten dira. 

Len Vogase kimika irakasleak ez du lehenengo orduetan lorik egin nahi izan, baina hamazazpigarren ordurako lotan geratu da nahi gabe. Eskuetan zeukan liburua ez zaio lurrera jausi. Egongelako leihotik datorren argia motelagoa da. Ezin izan dio eutsi. Ez du berrogei minutuko loaldia ere egin. Bere buruarekin haserretu da itzartu denean. Pentsatu du inozoa dela. Pentsatu du ezin duela lorik egin. 

Berriro miatu du etxe osoa. Kontu handiagoz orain. Ez daki lotan egon den bitartean zer gertatu den. Etxea handiegia da, pentsatu du. Hurrengorako kontuan izan beharko du. Ez da komeni etxe handietan sartzea. Ematen du berdin dagoela etxea. Inozoa dela pentsatu du. Komunetako gortinak ebaki ditu. Gortina lodiak dira, uste du balio dezaketela. Lau zati egin ditu.   Eskumako belaunean lotu du gortina zati bat. Hasieran oihal gehiegi jarri du belaunaren inguruan eta konturatu da ezin duela behar bezala mugitu. Askozaz oihal gutxiago jartzea erabaki du. Gauza bera egin du gero beste belaunarekin eta ukondo biekin. Sokaz lotu ditu. Eskumako ukondoa lotzea asko kostatu zaio eta ez du behar bezala egin. Ematen du erraz askatuko zaiola.

Disko asko dago etxean. Baten bat jartzea pentsatu du. Erabaki du kanpotik edo goitik erraz entzun daitekeela ozenegi jarri ez arren. Ez du diskorik jarri.

Lotan geratzeko puntuan egon da beste behin. Zutunik egotea erabaki du. Ez da leihoen ondotik ibili, baina balkoiaren bazter batetik ikus dezake zer ari den kalean gertatzen. Etxe aurrean ez dago ikusteko gauza handirik. Horregatik aukeratu zuen etxea. 

Hogeita hamahiru ordu ondo beteta daudenean bainugelatik korrika irten eta balkoira atera da. Metalezko eskudelaren gainean eseri da. Gehiegi ere pentsatu gabe egin du salto. Lau bat metro daude lehenengo solairutik

kalera. Horregatik aukeratu zuen etxea.

Oin batekin espaloian jo du, baina besteak, ezkerrekoak, gauza bigun bat zapaldu du. Ezin izan dio orekari eutsi. Kolpea hartu du aurpegian, oso jarrera arraroan. Iruditu zaio odol apur bat daukala eskumako masailean. Jakarekin garbitu du.

Lurretik altxatu eta atzera egin du; zer zapaldu duen ikusi nahi du. Emakume gazte baten gorpua da, erdi biluzik. Ematen du jantzita dauzkan gona eta alkandora garestiak direla, neurrira eginikoak.

Gorpuari kasu handiegirik egin gabe aldendu da. Hasieran ez du korrika egin. Une jakin batean konturatu da korrika egitea beste erremediorik ez daukala. Eman ahalean egin du. Laster nekatu da, ez dago ohituta. Kale txikietara sartu da, betiko moduan.

Etxe altu bateko atariko kristala apurtu du. Eskailerak igotzen hasi da. Ataritik eta lehenengo solairura hiru hildako topatu ditu: adineko bikote bat eta trajez jantzitako gizonezkoa.

Lehenengo solairuan zortea izan du, aspaldi ez bezala. Etxebizitza bateko atea zabalik dago. Gizon lodi baten gorpua dago trabeska ate erdian. Len Vogase kimika irakasleak beso batetik heldu dio gizonari eta kanpora

atera du. Ez du inolako usainik. Etxera sartu eta atea itxi du.

Etxea ez da perfektua: ez dauka balkoirik, esate baterako. Sukaldera joan da. Kontserba batzuk jan ditu, aurreko etxekoak baino normalagoak. Ura topatu du. Ez dago apenas libururik. Ez dago apenas diskorik. Ume baten logelan egon da, argazkiak ikusi ditu. Komuna nahiko zikin dago, bainuontzia batez ere.

Zaratak entzun ditu eskaileretan. Egongelako leihoa zabaldu eta salto egin du. Zortea izan du berriz: kalean ez dago inor. Korrika hasi da. Sumatu du ezin dela ondoko kaleetara irten; zaratak entzuten dira ondoko kaleetan. 

Supermerkatu handi batera sartu da. Berehala pentsatu du ez duela ondo egin. Supermerkatuko korridoreetan, jatekoen artean batez ere, hildako asko topatu ditu. Biluzik daude batzuk. Gizonezko bati besoa falta zaio. Supermerkatuak ez du leihorik. Len Vogase kimika irakasleak sartu baino lehenago pentsatu behar zuen supermerkatuek ez dutela leihorik izaten. Biltegia aurkitzeko ahalegina egin du.

Itxita dago biltegiko atea. Ostikoz zabaldu du. Biltegian hildako bi topatu ditu odol seinalerik gabe. Biltegian ere ez dago leihorik, kamioiak sartzeko ate handiak baino ez, garaje tankerakoak. Itxita daude orain. Pentsatu du biltegiko komunetan egon daitekeela leihoren bat. Zaratak entzun ditu supermerkatuan. Biltegiko komunak bilatzen nahi baino denbora gehiago eman du.

Zaratak oso ozenak dira supermerkatuan biltegiko komunak aurkitu dituenean. Andrazko bat dago komunean hilda. Lanerako arropak ditu jantzita. Gezurra badirudi ere, odol asko dauka goiko gorputz-adarretan. Biltegiko komunetan ere ez dago leihorik.

Pentsatu du ez daukala beste aukerarik, asko jota minutu bi geratzen zaizkiola. Hasieran biltegiko bulegoan ezkutatzea pentsatu du. Gero pentsatu du inozoa dela. Gero pentsatu du ez zuela supermerkatuan egon behar.

Ate handietara hurreratu da Len Vogase kimika irakaslea. Imajinatu du kamioiak sartzeko egin zituztela. Garaje tankerakoak dira, behetik gora altxatzekoak. Pentsatu du ez daukala irekitzea beste erremediorik. Ez daude giltza emanda. Kolpe batean zabaldu du eskumako atea, hiruretan handiena. Prokofieven musika sartu da kaletik, betiko moduan.

---


(BILBOKO "Bizkaidatz II. Saria"rako ipuin proposamena) 

http://www.bizkaia.net/home2/bizkaimedia/Contenido_Noticia.asp?Not_Codigo=6701






 

Irakurleen iritzia: (iritzi 1)

Zure iritzia:

123456



cuadro transparente