PROKOFIEV PLANA II (Jarraipena)
Armiarmek ba ote dakite odoletan igeri egiten? Urruneko LP zaharkitu baten soinu anplifikatuak bete du kaleko gorpuen isiltasuna. Bozgorailuan Prokofieven "Bufoia"ren pasarte bati eutsi dio binilozko diskoak. Orratza geldirik dago, ez du aurrera jarraitu nahi, Len Vogase kimika irakaslea bezalaxe, orratza ildo batean kateatuta duen LP-a bezain aspergarri eta errepikakor. Erraietatik gorantz datorkion beldurrak guztia estaltzen du, ordea. Kaletik datozkion mehatxuzko soinuek mugi arazi dute berriro. Korrika batean beste etxe bateko eskailerak igo eta ateari bultzada handi bat eman dio. Itxita dago. Barruan, berriz, piano baten musika, itxaropenezko hari mehe bat. Eskailerak zarataz bustitzen hasi dira. Len Vogasek etsipeneko golpe larriak eman dizkio ateari. Klik batez ireki egin da. Atzetik datozen harrapariak bertan dira dagoeneko, Begi gorri urtsu zitalak. Arriskuaren begiak.
Piano soinua grabatutako disko hotz batetik dator. Zuzeneko musika entzuteko aukera aspaldi agortu zen. Prokofieven “Pedro eta otsoa”ren nota batzuk betetzen dute gelako isiltasuna. Automatikoki behin eta berriz hasierara bueltatzen da diskoa. Buruan ideia bat darabilkio bueltaka. Nola arraio jakingo ote dute zerri hauek non nagoen? Non edo non detektagailu bat duela otu zaio. 33 orduro aktibatu eta Len Vogaseren kokagunearen berri ematen die. Ehiztariak bere bila doaz inoiz etsi gabe, odol guztia xurgatzeko asmoz. Antigorputzen egarri. Osasunaren gose.
Sukaldeko armairuak arakatzen hasi da. Janik ez da gelditzen, kontserba lata guztiak amaitu dira dagoeneko. Arraska azpian 20 bat zentimetro luze den labana aurkitu du. Ez dirudi oso zorrotza dagoenik. Horiek izan ohi dira arriskutsuenak. Mahai ondoko aulki batean eseri eta hasperen handi bat egin ondoren zereginari ekin dio.
Armiarma bat sukaldeko zoruko azulejo zuria zeharkatzen ari da. Astiro, patxadaz. Len Vogaseri besotik darion odol tanta batek aztoratu egin du zomorroa. Odolezko estalkiaren azpian bizitza berreskuratu nahian hil edo biziko borrokari hasiera eman berri dio, Len Vogaseren moduan. Astiro-astiro tantak erori ahala estalkia handitzen ari da, bizitzeko aukerak murrizten doazen heinean. Labana eskumuturretik hasi eta ukalondoraino igotzen den neurrian zzzzzzzis txiki batek jarraitu dio zauriari. Hatz lodiarekin azala ireki eta tendoi eta muskuluak agerian jarri ditu. Eskumuturretik hasi eta gorantz ari da behatza astinduz miaketa sakona egiten. Handia da mina baina handiagoa da larritasuna. Ezkerreko eskua odolez bustita dauka. Eskumuturretik behera labaintzen zaion bero goxoa, bustia.
Ez du ezer aurkitu. Minaren minez labana ezkerreko eskuaz hartu eta beste besoarekin errepikatu du operazioa. Orain, ordea, miaketak eman du emaitzarik. Eskumuturretik 8 zentimetrora, kubitua eta erradioaren artean kapsula txiki bat ikusi du. Fusible baten modukoa, mehatxuzko zilindro isila. Ia-ia begiek ikus ezin dezaketen led gorri batek etengabeko bip-bip erritmoa igortzen du. Odolaren kolorearekin nahasten den argitxo errugabea, minutuko 33 bulkada egiten dituen zelatari anonimoa. Minari eusteko izugarrizko ahaleginak eginez labana bi hezurren artean sartu eta izerdi batean lortu du mikrotxip zelataria bere gorputzetik ateratzea. Metalezko ezten hori ez da gehiago bere gorputzaren parte izango. Azkenean askatasunerako lehen pausoa eman du, zailena eta mingarriena izaten dena. Eztena kendu ondoren pozoiak gorputza lasai utziko du azkenean.
Etxe orratz erraldoiaren 33. solairuan bi begi arakatzaile betaurreko atzean hiriari so daude. Handia da eraikuntza. Sabela bete keroseno duen hegazkin batek haren aurka danba egin arren erortzen ez den horietakoa. "Titanic" ontzia bezain handientsua. Elitearen buru den izaki zitalaren hatsak aurrez aurre duen leihoko kristal hotza lurruntzen du. Aurpegi zurbildun piztia beltza, kopetiluna, serioa. Pentsamenduetan galduta dabil. Bizkarrari begira beste 32 daude mahai baten inguruan eserita. Isiltasun astuna nabari da gelan. Inork ez dauka ezer esateko adina ausardia. Bizkarka dagoenak zer egingo duenaren zain daude denak. Urduri. Milaka pentsamenduz osatutako sare ikusezina taldearen gainean estalki zurrun baten moduan geldirik dago. Isiltasun zaratatsua, erruduna. Aurpegia bihurtzen du taldeari begiratzeko asmoz. Ez dago, ordea, talderik bere aurrean; dardarka dagoen zomorro sorta bat besterik ez. Begirada hotzak haserrea du hizpide. Planaren ondorioak berak uste zuenetik asko aldendu dira. Errudunak han daude, mahai luze eta zabal haren inguruan. Amorruzko malko bat dario eskuineko begitik, malko urdin iluna. Dagoeneko birusak pozoitutakoa.
Eskaileratik gora berriz ere zaratak entzuteak adi jarri du gizon librea. Korrika batean salto egin du balkoitik behera. Gorpu baten gainean erori da. Bisera gorri bat duen mutiko baten gorpua. Aurpegiari erreparatu dio, begiak irekita ditu baina begirada arraro bat du gazteak. Ez dira gorpu baten begi huts eta bizigabeak. Besoa heldu dio eta benetakoa ez dela ohartu da. Azkenengo hamar egunetan lehenengo aldiz Len Vogase fisika irakaslea zur eta lur gelditu da. Animalia ezezagun baten besoa du esku odoltsuen artean. Gizaki itxura du baina gizakia ez dela nabaria da. Ezin du ulertu eta izoztuta bezala dago, geldirik. Etxeko balkoitik harrapariak ageri dira. Salto egiteko beldurra dutela nabaria da, denak balkoi hertzean begira dauzka, amorruz. Batek salto egin du. Len Vogaseri denbora eman dio lekutik kentzeko eta piztiak metro bat harago egin du talka lurrarekin. Bi oinak krakateko handi batekin puskatu zaizkio, erdiz erdi. Kristalezko oinak. Eskuineko belaunetik likido urdin bat dario. Len Vogasek korrika batean alde egin du atzera begira txundituta jarraitzen duen bitartean. Harrapariak ere mutil gaztearen itxura bera du! Jaikitzen saiatu da eta bi belaunen gainean ibiltzen hasi da barrutik irteten jarraitzen duen likido urdina amaitzen ari zaion neurrian. Ez zaio, ordea, sufrimendurik ageri. Len Vogasek kale batetik eskuinera egin duenerako harrapariak lurra jo eta hantxe gelditu da. Inoiz bizitzarik izan ez duen maniki hotza.
Birusa laborategi inguruan askatu zutenean ez zirudien horren arriskutsua izan zitekeenik, gripe xume bat besterik ez. Lehenengo neguarekin batera hiltzen hasi ziren, ordea. Hamarnaka hasieran, ehunka gero, eta azkenik milaka. Jendea lasaitzeko asmoz izen bat jarri zioten eta txerto bat asmatu zutela sinestarazi zieten denei. Babesle miragarria beirazko kapsulatxo batean sartu eta mundu guztia behartu egin zuten txertoa jasotzera. Txertaketa orokorrak antolatu ziren hiri eta herri guztietan. Hasiera batean lortu zuten jendea konbentzitzea txertoaren onurez, baina uste hark ez zuen gehiegi iraun. Txertoa jasotako jendea hiltzen hasi zenean gauzak guztiz aldatu ziren. Hiriburuetan matxinada itzelak izan ziren. Polizia ez zen gai izan, ezta armada bera ere jendetza honen bortizkeriari aurre egiteko. Milioika hil ziren mundu guztian. Batzuk birusaren erruz, gehienak txertoaren ondorioz.
Kanpoan euria ari du. Len Vogase fisika irakaslea kaleko gorpuen artean etzan da. Hauen ondoan, hilda bezala. Orain mikrotxipa kenduta duela badaki ezinezkoa egingo zaiela bere kokagunea asmatzea, baina pentsatu egin behar du. Bere burua une batez gelditu, lasaitu eta arnasa hartu, zoratu egingo da bestela. Azkenengo egunak batetik bestera korrika egin ditu. Etxe batean aldizkari batean txipa eta izurriteari buruzko artikulu bat irakurtzeak eragin zion kapsula besotik kendu beharraren larritasuna. Eta orain zer? Galduta dago, norabiderik gabe. Bakarrik. Aspaldiko partez nahi duena egiteko libre den arren zer eginik ez du. Mundu guztia hilda dago. Bera ere hala dagoela dirudi gorpuen artean etzanda baitago, haiek bezala. Geldirik, isilik. Gorpu batek ezkerreko eskuan “Walkman” zahar bati eusten dio. Len Vogasek entzungailua belarrietara eraman eta “Play” botoia sakatu du. Aspaldian aukerarik ere ez du izan negar egiteko. Orain, bakarrik eta euripean munduko malko guztiak masailetara hurbildu zaizkio. Pertsona bat gorpu artean negar egiten, hori baina gauza tristeagorik ba ote da munduan?
Plana zitala zen, bortitza, perfektua. Gizakia suntsitzea. Makina bat urte egin zituzten arkakuso handi-mandi horiek lurraren jabe zirelakoan, baina guztia bukatzear zegoen. Azken 2000 urtetan jasandako izurrite, gerra, hondamendi eta suntsipenak elitearentzat entretenimendu soilak izan ziren. Hauek sortutako eszenarioan irudika litekeen antzezlan handiena gauzatu zen. Honi bukaera ikaragarria ematea izango zen hurrengo pausoa: Prokofiev plana. Inon nabarmentzen ez zen laborategi txiki batean sortutako birusa askatzeak ez zeukan inongo zailtasunik. Jendea pixkanaka gaixotuko zen eta gobernuak konbentzitu besterik ez zen gelditzen mundu guztiari birusarengandik babestuko zuen kapsula ezartzeko. Indarkeriarik gabe, arkume oharkabeen moduan jasoko zuten pozoia. Urtebeteren buruan denek txip salbatzailea txertatuta izango zuten, hiltzaile mutua. Pixkanaka aktibatu besterik ez zen egin behar, eta beraiek salbu egongo lirateke. Gainera txipak diru iturri ikaragarriak ekarriko lizkioke eliteari plana burutu bitartean.
Plana azkar okertu zen, ordea. Birusak mutazioak sortu zituen eta hauetako batek eliteari egin zion eraso. Gupidarik gabe, krudelkeriaz. Pixkanaka gaixotzen eta hiltzen hasi zen taldea. Gizakia desagertzearen lekuko izango zirenei planak eztanda egin zien muturraren aurrean. Bizitzaren ironia. Suntsipenak beraiei ere eragin zien, eta inork ez zuen txertorik ezagutzen..
Eliteak Len Vogase fisika irakaslea zena harrapatu nahi du bere odola berezia baita. Munduko beste gizaki guztiak hil egin dira. Harrapariek Len Vogaseren odola behar dute bizirik irauteko, bestela denak hil egingo dira. Ezin du hori onartu. Badaki ez daukala luzaro bizitzeko aukera handirik berandu baino lehen goseak eta egarriak heriotzara eramango baitute. Irtenbide eta aukera gehiegirik ez zaio gelditzen.
Prokofiev plana suntsipen plan gisa sortu zen eta ukaezina da handia izan dela suntsipena, itzela. Eliteko partaide gehienak dagoeneko hilda daude. Len Vogase ez dute aurkitu.
Len Vogase gorpuen artean heriotza noiz etorriko zain dago. Labanarekin berriz ireki du bere ezkerreko besoa. Orain ordea ez du odoljarioa gelditzeko saiakerarik egingo. Bere horretan utziko du. Zinez daki ez dutela aurkituko.
Itxaropenezko irribarre batekin begiak itxi eta bizitzaren amaierari ongi etorria emateko prest dago, aurikularretan Prokofieven “Suzko aingerua” entzuten duen bitartean.
Handik urruti armiarmak azkenean lortu du odoletatik ihes egitea.
---
(BILBOKO "Bizkaidatz II. Saria"ren irabazlea)
http://www.bizkaia.net/home2/bizkaimedia/Contenido_Noticia.asp?Not_Codigo=6701
Irakurleen iritzia:
(iritzi 1)

