ZULOAK (Odei Arregi)
SAIETSETATIK JAIO ZEN EVA
Sukaldean nago, kanpoko izotzari begira. Rachel´s en biolinen musika dario radio kaseteari.
Hirugarren egin-aldia duen tea eskuetan, pizten ordu erdi inguru kosta zaidan suaren lehen bero zantzua noiz sentituko zain nago.
Amets asko ditut, zinema maite dut,pantailako pertsonaia extrabaganteekin identifikatzen naiz. Gorroto dut errealitatea.
Bizitza film bat dela amestea gustatzen zait, nire bizitza pelikula bat dela sinetsi nahi dut. Nire obsesio eta ohitura partikularrak, miretsi nahi ditut, pelikulako protagonista izan nahi nuke.
Argala naiz izatez, lo hartu aurretik nire saihets hezurrak zenbatuz entretenitzen naiz eta batzuetan bat gehiago dudala iruditzen zait eta irribarre egiten dut. Beste batzuetan bat gutxiago daukadala pentsatzen dut eta izutu egiten naiz, ez bai da gauza bera gero eta gehiago izan, ala desagertzen hasi. Hala pentsatzen dut, saihets bat galtzetik hasi eta azkenean belarriren bat edo ezker oineko behatz potoloa galtzen buka dezakezula. Eta pentsamendu hauetan galduta, gau horietan ez dut lorik egiten. Eta urduri, izoztuta gelditzen naiz, ohean gora begira, begiak itxi gabe, egunaren errepasoa egiten. Pauso guztiak oroituz, minutu guztiak birpasatuz, saihetsa non galdu edo ahaztuta utzi dudan oroitu nahirik.
Gauak luzeak dira, baina hauek ere bukaera badute, eta jaikitzeko ordua iristen denean, desesperazioaren amildegitik neure burua bota aurretik beste behin zenbatzen ditut saihetsak, bada ezpada.
Eta hola hasten da eguna, egunik beltzena edo beroena, Adanen Eva bezala hasten dira egunak niretzat, saihetsetatik.
* * *
DOSI TXIKITAN EZ DA TXARRA
Pantorrilak laztantzen dizkizun katu batekin hasten da dena. Konturatu gabe bakardadeak bizkar hezurretik gora igo eta belarri atzean egiten dizu habia.
Bat batean konturatzen zara, gauzak ez direla zuk nahi zenukeen bezalakoak. Zeure burua bakarrik gosaltzen sumatzen duzu etxeko sukaldean, kafe bat, tostada bat, zuku bat, bat, bat…
Zenbaki honek ez zaitu bakean uzten sekula, hortz eskuila bat, etxeko zapatila pare bat…
Korrika zoaz kalera, etxeak su hartu balu bezala, ihesean. Ez zara ohartzen bakardadea atzetik jarraika doakizula, ez zaituela bakarrik utziko, txistosoa den arren, bakardadea zurekin egonen dela beti.
Kalean gauzak ez dira xamurragoak. Ibilian zoazela eskolara doazen ama-umeak gurutzatzen dituzu, etxe bila dabiltzan bikoteak eta institututik piper egin duten nerabe koadrilak. Zuk zure bidea jarraitzen duzu, inguruari gehiegi erreparatu gabe. Barruan sentitzen duzun bihotz errea, inori komentatu ezinik.
Nostalgia, inbidia, amorrua,zeloak edo gorrotoa. Zure sentimenduak deskribatzeko hitz bat aukeratu beharko bazenu, ezingo zenuke. Edo agian bai, gorroto sutsua eta zeurekoia, da bereganatzen zaituena.
Oinez jarraitzen duzu,zure pentsamenduak pausuen erritmoan galtzen dira.
Eta konturatu gabe, hotzak habia egiten du zure bihotzean.
Lantokira iristean, arnas hartzen duzu, arindurik.
Ondorengo orduetan lan mekaniko eta monotonoak bereganatzen zaitu, bakardadea lokartu egiten da eta zure arazoak azaleko bihurtzen dira. Ordenagailuak zurrupatzen du dena, bai ona eta bai txarra eta arazoek ez dizute minik egiten. Momentuz.
Lanetik etxerakoan ez dago gorrotatu dezakezun eskola umerik. Egunak ilundu du, eta inguratzen zaituena lausotu egiten da kotxe zarata artean. Lasaiago zaude.
Erosketak egiteko, geldialdia egiten duzu betiko super merkatuan. Harakinak ezagutzen zaitu eta galdetu gabe prestatzen dizu xerra bakarra.
Eta berriro sumatzen duzu bakardadearen pisua.
* * *
POLIKI HAZTEN DIRA ZUHAITZAK ETA GORROTOA
Hazia
Tinbre hotsak esnatu zaitu. Rrrrin riinn rrrrin,………….riiiiiiiiinnn, rinnnnnnnnn……
Nor izango da? Bakarrik bizi zara, eta zure katuak ez du nobiorik, zuk dakizunik ez behintzat.
Eguerdiko hamabiak dira, ez duzu gosaldu, ez duzu saihetsak kontatzeko astirik izan eta ez daukazu epelkeriatan ibiltzeko gogorik
Elefante arroxaz beteriko pijama ez da egokiena inori atea irekitzeko, baina halaxe zoaz aterantz.
Larunbata da zure eguna da, ezer ez egin, eta inor ez ikusteko duzun eguna. Munduak gorroto zaitu, zuk bera bezainbat, baina larunbatetan elkarri estorburik ez egiteko tratua finkoa zela uste zenuen. Gaur arte.
“Rirrrin rinnn, riinn….”
Agian etxeak su hartu du, edo antzeko txatxukeriaren bat eta ez zara ohartu. Eta orain suhiltzaile irribarretsu bat duzu atean zain, eta bere lehen esaldia asma dezakezula ziur zaude.
-Ez jarri urduri andrea.- esango du suhiltzaileak hortzak erakutsita irribarre eginez.
Gorroto dituzu irribarreak, gorroto dituzu suhiltzaileak, eta nola ez, biziki gorroto dituzu suhiltzaile irribarretsuek behin da berriz errepikatzen dituzten esaldiak.
Baina ez dago ke usainik eta pare bat minutu pasa diren arren oraindik inongo suhiltzailek ez du aterik bota. Eta jakina da, postariak hiru aldiz jotzen badu atea, suhiltzaileek behin besterik ez dutela deitzen, atea zerraldo utzi aurretik.
Hirugarren tinbre hotsarekin batera ireki duzu atea, elefante arroxadun pijama soinean, ile nahasiak aurpegia estaltzen. Zure aurpegian ez da sorpresarik sumatu, baina gorrotoaren esku ahurra sumatu duzu bihotza estutzen.
-Egunon Marieta! ez zintudan esnatuko ezta? Oi ze tonta naizen! Etorriko naiz geroxeago-
Hitz egiten utzi diozu, ez diozu erantzun nahi, momentu honetan zartagina eskuan izan nahi zenuke, besoa atzera luzatu eta indarrez zure bizilagunaren aurpegian estanpatu.
Bere ardatzaren inguruan bira nola emango duen eta guzti imaginatzen duzu, baina zartaginaren bila joan ordez, irribarre bat marraztu duzu aurpegian. “Hemen bertan hilko bazina” ari zara pentsatzen, baina zure bizilagunak “ze nahi zenuen” xalo bat besterik ez du sumatu.
- Esne apur bat emango al dizazu mesedez, ene umeak esnatu dira eta kolakaua hartzeko esnerik ez dudala konturatu naiz, beheko supermerkatura joango nintzateke baina, ile hauekin lotsa ematen dit, badakizu neska, urteak aurrera doaz eta gure itxura gero eta gehiago zaindu behar … Ai, lehen gauzak errazagoak ziren, gazteak ginenean …
Bakarrizketan utzi duzu eta sukaldean sartu zara, hozkailua ireki eta zure azken esne litroa hartu duzu, eta barruan hazi zaizun gorrotoa, bakardadearen ondoan gorde biak hotz baina bizirik mantendu daitezen. Atera zoaz esne litroa eskuan, zure bizilagunaren marmarra gero eta ozenago entzuten da, hurbiltzen zoazen heinean.
- lehen edozein modutan ateratzen ginen kalera eta ala ere eder sentitzen ginen. Ai ama, gogoratzearekin bakarrik….
Eskura eman diozu esnea, eta zutik gelditu zara ate ondoan elefante arroxadun pijamarekin, eskuan sable bat bazenu lehenik ze gorputz atal moztuko zenion aukeratu ezinda.
* * *
ZULOA
“Bakarrik gelditu haiz berriro” Diotsan heure buruari sukaldeko mahai gainean sakabanatuta dauden ogi apurrekin jolasean. Txukun-txukun egin dun karratutxoa. Eskuko hatz txikerra erabiliz ogi apur guztiak sartu ditun barruan. Karratuaren perfil perfektua aztoratzen duten zati ñimiñoekin borrokan ibili haiz. Eta azkenean hire geometria organikoarekin gustura gelditu haizenean esku mugimendu azkarrarekin pasa dun mahaia, karratu izan diren ogi apurrak bilduz.
Eta zakarretara bota ditun, direnak eta izan nahi dutenak.
Orain kafesne bat nahi dun gosaltzeko eta tupustean gogoratu dun hire azken esne litroa solairu bat beherago dagoela, honezkero kolakao bihurturik bi ume mokoren eztarritatik behera irristan.
Hire bizitzaren erretratuak barre gura ematen din eta negar egin dun.
Negar egin dun sabela eskuekin estutuz. Oihu egingo huke, oihu egingo hioke heure buruari. Baina orrua hortz artean kateaturik gelditu zain.
Denbora pasa dun, luze. Gainditua behar huke. Dagoeneko ahaztua. Baina zuloak hor jarraitzen din, sabelera kateaturik.
Saiatu haiz betetzen, lanarekin, maitaleekin, telebistarekin, alkoholarekin. Baina zulo batzuk ezin ditun bete. Hik hori ondo dakin.
Nazkatuta hago, nazkatuta hutsuneaz, bakardadeaz, ezaz. Hire samina konpartitu nahi dun.
Zerbait egin beharra daukan.
Beheko solairuan ume hotsa entzun dun, ama gaztearen errieta etorri dun gero. Berehala jaiki haiz, sukaldeko armairuko tiraderarik zerbait hartu eta elefante arrosadun pijamaren azpian ezkutatu dun.
Altzairu hotzaren eta azalaren kontaktuak, hotzikara sortu din. Momentu batez duda egin dun. Baina altzairua berotu denean hire burutapena lehen baino heureago dun eta ez dun duda izpirik hire begietan.
Kaleko aterantz hoa zuzen, pausu seguruz,zeharkatu dun pasilloa. Esku batekin kutxiloa estutzen dun sabelaren kontra, bestearekin atea ireki eta aurrera hoa. Eskaileretan behera abiatu haiz, igogailuek klaustrofobi ematen dinate. Harmaila bakoitzean gogorrago estutzen dun altzairua hire azalaren kontra. Segundo gutxitan biok bat bihurtu zaretela iruditzen zain.
Arregi Izagirre sendia. Irakurtzen dun egurrezko atearen gainean dagoen plakatxoan. Auzo lagunaren atearen parean hago orain. Zutik, irmo. Elefante arroxadun pixama soinean, etxeko kutxilorik handiena sabelaren kontra estututa. Labanaren taktua ezabatu egin dun, jada ez dun hotza, hire odola bezain bero zagon orain.
Libre daukanan eskuarekin tinbrea jo dun. Ring, ring, ring hiru aldiz.
-Banoa…- entzun dun etxe barrutik, pauso hotsa gero.
Eta zain gelditu haiz.
Pausoak gero eta gertuago sumatzen ditun gero eta atetik hurbilago, arnasa azkartu zain, eskua izerditan sentitzen dun. Labana hazi egin dela iruditzen zain, handiago dun orain pisutsuago, gogor eutsi behar dion ez dadin eror.
Maratilatik datorren begiradak hire begiekin topo egin eta pentsamenduak irakurriko ote dizkinan beldur haiz, burua makurtu dun, ile artean ezkutatu zain aurpegia.
Hire aurreko egurrezko ate sendoa poliki ireki dun eta parez pare daukan emakume gaztea, esku trapuarekin eskuak lehortuz.
- Kaixo Marieta. Zerbait behar al duzu? – galdetu din ahots eztiz.
Isilik gelditu haiz bere aurrean, aurpegia bitan banatzen dinan ile motots bat jausten zain begi artetik. Begietara begiratu dion, eta hitzik esan gabe, elefante arroxadun pijamaren azpitik kutxiloa atera dun.
Pauso bat atzera egin din, oihurik ez.
Kutxilo baten distantzia besterik ez zagon bion artean. Bi emakume eta altzairu zorrotza. Listua senti dezaken, hire eztarritik bera, listua imajina dezaken bere eztarritik behera.
Beste pauso bat egin din atzera. Hik bat aurrera.
- Marieta… zer nahi duzu?- galdetu din, beldurra ezkutatu nahi dinanaren gisan.
Kutxiloa bi eskuekin heldu dun, indartsu sentitzen haiz, irribarre txiki bat marraztu dun, ile mototsaren atzean.
- Esnea.- esan dun sarkor.
Azken pausua eman dun etxe barrura eta, atea itxi dun hire atzean.
Bebarrua hutsik gelditu dun, ixilik eta hotz. Bete ezin diren zuloak bezala.
Irakurleen iritzia:
(3 iritzi)

